Amorebieta-Etxanok beste urrats bat eman du berdintasunaren bidean ‘Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’ onartuta

Amorebieta-Etxanoko ‘Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’-k berdintasunaren eta genero indarkeria desagerraraztearen aldeko konpromiso irmoa islatzen du, beti ere herritarren parte-hartzea eta ekintza kolektiboa aintzat hartuta.

Planak 8 programa eta 30 neurri zehazten ditu, funtsezkoak diren 4 arlotan: Gobernu Ona, ahalduntze indibiduala eta kolektiboa, eraldaketa ekonomiko eta soziala, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak.

Genero-berdintasunaren aldeko pausu esanguratsu bat emanaz, Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’ onartu du gaur, aho batez, martxoak 8, ezohiko Osoko Bilkuran. Ainhoa Salterainek (alkatea), Jon Artabek (Idazkaritzako, Funtzio Publikoko, Gardentasuneko eta Gobernu Oneko zinegotzia, Euskara, Berdintasuna eta Arkalaz-en zeharkakotasunaren koordinatzailea) eta Alicia Hernandezek (PSE-EEko zinegotzia) aurkeztu dute Plana, eta azaldu duten moduan, helburu du emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerako eta errespeturako iparrorratza izatea.

Ainhoa Salterain: “Amorebieta-Etxano berdintasunaren erreferente bihurtzeko aurrerapausoa da Plana”
Ainhoa Salterainek azaldu duen moduan, gaur, martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Egunean, Amorebieta-Etxanoko Udalak onartu egin du berdintasunaren alorrean 2024-2027 aldirako udal-estrategia ezarriko duen dokumentua: ‘Amorebieta-Etxanoko Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’. Planak ekintza zehatzak ezartzeaz gain, helburu du aurreko planetan egindako lanari jarraipena ematea”. Ainhoa Salterainek azpimarratu du garrantzitsua dela pentsamendu eta praktika feministetan aurrera egitea, eta gaineratu du plana aurrerapausoa dela Amorebieta-Etxano berdintasunaren eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren erreferente bihur dadin.

Alkateak azaldu duenez, Plan honek izaera parte-hartzailea du: “herritarren zuzeneko inplikazioa izan du, 13 gizon eta 72 emakume zornotzarrek hartu dute parte, beren ikuspegia emanez eta dokumentua balioztatuz. Ikuspegi komunitario horrek berdintasunaren eta emakumeen ahalduntzearen aldeko borrokan herritarren lankidetzak duen garrantzia azpimarratzen du, hau gizartea aldatzeko ardatz nagusietako bat baita”.

Horrez gain, Salterainek azaldu duenez “benetako berdintasunera eramango gaituen bidea hasi dugu, norabide bakarra duena. Hala ere, kontziente gara, bide horretan oraindik ere erronka askori egin beharko diegula aurre. ‘Amorebieta-Etxanoko Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’ lankidetza-ikuspegiagatik nabarmentzen da, eta bat dator guretzat estrategikoa den ‘Arkalaz! Herrigintzan bat’ ekimenarekin. Aurkezten ari garen Plan honek, gure ikuspegia islatzeaz gain, Amorebieta-Etxanoko bizilagun bakoitza ere gonbidatze du, Plana gauzatzearen, monitorizazioaren eta azken ebaluazioaren parte aktiboa izatera. Zornotzarren parte-hartze aktiboa eta inplikazioa funtsezkoak dira komunitate bidezkoago, feministago, inklusiboago eta errespetuzkoago baten aldeko konpromisoa indartzeko. Elkarrekin egingo dugu aurrera, berdintasuna nagusi izango den Amorebieta-Etxano baterantz”.

Alicia Hernández: “Planak pentsamendu eta praktika feministak esparru guztietan txertatzeko erabakia islatzen du”
Bestalde, Alicia Hernandezek nabarmendu du gaur, martxoak 8, harro sentitzen dela Amorebieta-Etxanoko Udalak genero-berdintasunerako bidean emandako urratsa partekatzeaz, ‘Amorebieta-Etxanoko Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’ onartu izanaz: “nabarmendu nahi dut Plan hau ez dela soilik etorkizuneko ekintzen promesa bat, baizik eta Udal Gobernu honen konpromiso sendo bat dela, gure aurreko berdintasun-planek lortutako aurrerapenarekin jarraitzeko bidea. Gure ardura da Amorebieta-Etxano berdintasunean oinarritzen den herria izatea, ta indarkeria matxistarik gabeko bizitokia. Gure udalerriko arlo guztietan pentsamendu eta praktika feministak txertatzeko dugun erabakia islatzen du”.

Gainera, Plana zornotzarren parte-hartzearekin gauzatzearen garrantzia adierazi du Hernandezek: “pertsonalki eta alderdi gisa funtsezkotzat jotzen dugu. Amorebieta-Etxanoko 13 gizonek eta 72 emakumek dokumentu hau balioztatzen parte hartu izana gure gizartearen inplikazioaren erakusle da; genero-berdintasuna gizartea aldatzeko oinarria denaren uste sendoa azaldu dute. Hori dela eta, zornotzarrei dei egin nahi diet Amorebieta-Etxanorekin duten konpromisoarekin aurrera egin dezaten, gure herria bidezkoagoa izan dadin, berdinzaleagoa eta errespetuan oinarritua”.

Jon Artabe: “Gure errealitatean errotzen den dokumentua da hau; inspiratzailea eta praktikoa izatea du helburu, eta  emakumeek beren aniztasun osoan duten benetako parte-hartzean eta eraginean jartzen du arreta”
Bestalde, Jon Artabek ‘Amorebieta-Etxanoko Emakumeen eta gizonen arteko IV. Berdintasun Plana’ ren xehetasunak azaldu ditu: “Plan honek itsasargi izan nahi du, gidari izango dugu generoen arteko benetako berdintasuna eta indarkeriarik gabeko gizarte bat lortzeko. Plan hau ez da helburu batzuk betetzeko bakarrik diseinatu, prozesu aktibo eta partehartzaile baten parte da. Gainera, jomuga du desberdintasunean eta diskriminazio intersekzionaleko egituretan bizi diren errealitateak desegitea. Aurkezten ari garen dokumentu hau gure eguneroko errealitatean dago errotuta, eta inspiratzailea eta praktikoa izatea du helburu, emakumeek beren aniztasun osoan duten benetako parte-hartzean eta eraginean jartzen du arreta”.

Plan hau sortzeko prozesuan, azaldu du Artabek, herritarren parte-hartzea funtsezkoa izan da: “gure ekimena den ‘Arkalaz! Herrigintzan bat’ prozesuaren baitan garatu da, 2023ko azarotik 2024ko otsailera bitartean. Bertan parte hartu dute Amorebieta-Etxanoko Berdintasun Kontseiluak; herriko hainbat sektoretan aktiboak diren 40 emakumek; Amorebieta-Etxanoko ZABE elkarteak, Afrikaren Batasunerako Elkarteak; ikastetxe guztiek; udal ordezkaritza duten talde politikoek; eta hainbat udal zerbitzutako teknikariek. Ahots-espektro zabal horri esker, hobetu beharreko arloak eta nahi diren aldaketak identifikatu ahal izan dira. Hori horrela, dokumentu berri honetan aurreko planetako funtsezko elementu batzuk mantentzen ditugu, kontziente baikara oraindik badutela ibilbidea eta garrantzitsuak izaten jarraitzen dutela; eta erronka berriak gehitu ditugu. 8 programa eta 30 neurri definitu ditugu funtsezko 4 arlotan: Gobernu Ona, ahalduntze indibiduala eta kolektiboa, eraldaketa ekonomiko eta soziala, eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzak”.

Artabek zehaztu duenez, Gobernu Onari dagokionez, “genero-ikuspegia udal-politika guztietan txertatzeko beharra azpimarratzen jarraituko dugu, eta bereziki Berdintasun Kontseiluan jarri nahi dugu fokua, berdintasun-politiketan hausnarketan eta erabakietan eragiteko foroa izan dadin. Ahalduntzeari dagokionez, Jabekuntza Eskola indartzeaz gain, jatorri ezberdinetatik etorritako emakume liderrak identifikatu eta babestu nahi ditugu, emakume hauen rolari eta aniztasunari buruzko imajinario kolektiboa eraldatuz. Era berean, kirolean eta horren kudeaketan parte-hartze ekitatiboa sustatzea bilatzen du Planak. Azken ikuspegi horretatik sortu da emakume zornotzar federatuei beren lana, balioa eta eguneroko ahalegina aitortzeko beharra, Marixelarre Sarien bidez. Bihar jasoko dute aitortza hori, Zelaieta parkean egingo den ekitaldian. Gainera, eta guretzat garrantzia handia duen Emakumeen Gunea ere azpimarratu nahi dut; hau definitzen eta lantzen ari gara”.

Arlo ekonomiko eta sozialean, Amorebieta-Etxanoko zinegotziak azaldu du: “gure helburua da emakumeak laneratzeko estrategiak ikusaraztea eta indartzea, gure udalerriko enpresa-jardunbide egokiak nabarmentzea, lana eta bizitza pertsonala uztartzeko beharrei erantzutea, eta hiriko espazio publikoa ikuspegi feministatik berrirudikatzea eta haren gainean jardutea”.

Amaitzeko, Artabek gaineratu du emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borrokan Udala hezkidetzako eta sexu-aholkularitzako programa indartzen ari dela: “lanean ari gara genero-disidentzien gaineko kontzientzia areagotzeko helburuarekin;  era berean jaietan jarduteko protokoloa hobetzen ari gara; eta genero-indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei  zuzenduta, arreta integrala eta ahalduntzailea bermatzea dugu helburu, beti ere erakundeen arteko protokoloa indartuz”.

Laburbilduz, Jon Artabek honako adierazi du: “’Amorebieta-Etxanoko Emakumeen eta gizonen arteko IV.  Berdintasun Planak’ berdintasunaren eta genero-indarkeria desagerraraztearen aldeko konpromiso irmoa islatzen du, herritarren parte-hartzea eta ekintza kolektiboa integratuz. Plan honek jarraipena ematen die aldez aurretik egindako ahaleginei, erronka berriak ezarriz, ikuspegi praktiko eta hurbilarekin. Komunitatean aldaketa esanguratsua lortzea du helburu. Aurrera pauso bat da Amorebieta-Etxanoko etorkizunerantz, berdintasuna eta segurtasuna errealitate izango diren herrirantz”.

IKUSI ‘Emakumeen eta gizonen arteko IV Berdintasun Plana’