Amaituta Zubikurtze, Zubipunte eta Zubizabala auzoak lotzen dituen oinezko ibilbidearen obrak

Aurrerantzean, zornotzarrek, ingurune berde batean eta herriaren bihotzean kokatuta dagoen, pasealeku irisgarri berriaz gozatzeko aukera izango dute.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Udalak hiri-azpiegiturak etengabe hobetzeko eta zornotzarren ongizatea bermatzeko konpromisoa berresten du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak maiatza amaieran hasi zituen herriaren erdigunean daudenZubikurtze,  Zubipunte eta Zubizabala auzoak lotuko dituen oinezkoentzako ibilbide berria egiteko lanak. Bi hilabeteren ostean, obrak amaitu berri dira eta, beraz, aurrerantzean, zornotzarrek oinezko  pasealeku berriaz gozatzeko aukera izango dute. 

Ainhoa Salterain alkateak nabarmendu duenez, “gure helburu nagusietako bat zornotzarren bizi-kalitatea hobetzea da,eta zentzu horretan, eremu publikoa hobetzeko hainbat ekimen sustatuko ditugu herritarrei ingurune osasungarriagoak, atseginagoak eta irisgarriagoak eskaintzeko”. Gauzak horrela, amaitu berri diren lanekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak hiri-azpiegiturak etengabe hobetzeko eta zornotzarren ongizatea bermatzeko konpromisoa berretsi du. 

Oinezkoentzako pasealeku berria

Proiektuak 101.179,74 euroko lizitazio-aurrekontua izan du, eta bat dator Amorebieta-Etxanoko Udalak garapen iraunkorrarekin eta 2030 Agendarekin duen konpromisoarekin. Izan ere, oinezkoen iibilbide berriari esker, herriguneko ingurune berdea auzoetara zabaldu da eta mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetu eta erraztu da, auzoak erdigunearekin lotuz. 

Zehazki, 2 metroko zabalerako pasealeku bat sortu da material natural erabilita, pasealekuaren egungo altimetriari eutsiz, eta egurrezko bi zintarri ere jarri dira bide ertzetan zehar.