Amaitu dira Larrea eskola publikoko patioaren instalazioak berritzeko lanak

Hobekuntzek azalera berde berriak, ibilbide irisgarriak eta ikasleen garapen integralerako egokitutako jolas guneak jasotzen dituzte.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 115.280 euro bideratu ditu proiektu honetara, kanpoko espazioa ingurune inklusibo eta naturalizatu bihurtzeko.

Hiru hilabeteko lanen ondoren, amaitu dira Larrea eskola publikoko patioaren instalazioak berritzeko lanak. Berrikuntzen bitartez nabarmen eraldatu da ikastetxearen kanpoko espazioa,  ingurune inklusiboagoa, naturalizatuagoa eta ikasleen garapen ludiko eta sortzailerako egokiagoa eskaintzeko. Amorebieta-Etxanoko Udalak 115.280 euro inguru bideratu ditu lan horietara.

Guztiontzako diseinatutako patioa
Proiektuaren bitartez haur guztiek jarduera ludikoetan modu inklusiboan eta hezkidetzan parte hartu ahal izateko espazioa sortu da, jolaserako eta mugimendurako aukerak handitzeko, kide izatearen sentimendua indartzeko, jarduera fisikoa sustatzeko eta ikasleen garapen emozionalari laguntzeko espazioa, alegia.

Berrikuntza eta natura
Landare-azalera 332 m² handitu da eta diseinu berriak eremu berde gehiago jasotzen ditu, azalera gogorrak arindu eta naturarekiko kontaktua hobetzeko. Trenbidetik gertu tamaina ertaineko zuhaitzak landatu dira, itzala eskaini eta, aldi berean, patioko mikroklima hobetzeko, ikasleen ongizate mentalari zein garapen kognitiboari mesede eginez.

Jolas- eta atseden-eremu berriak
Trebetasuna, oreka eta sormena sustatzen duten jolasak ere jarri dira patioan, horretarako material ekologikoak eta ingurunearekiko errespetuzkoak erabiliz. Instalazio berrien artean, eskailera eta txirristadun etxetxo bat, oreka-zutoinak, antzerki eta musikako txabola bat eta aulkiak dituen mahai bat nabarmentzen dira, irudimena eta interakzio soziala sustatzeko diseinatuak.

Gainera, dauden ur-iturriak kanporako irteerarekin lotzen dituzten ibilbide irisgarriak sortu dira, jolaserako eta esploraziorako ingurune segurua eta estimulagarria sustatuz. Mahai eta aulkiez hornitutako espazioak, halaber, jolasteko, atsedenerako edota sozializatzeko aukera eskaintzen du.

Hezkuntzarekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa
Proiektu honen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak hezkuntza-azpiegiturak eta gazteen ongizatea hobetzeko duen konpromisoa berretsi du. Larrea eskola publikoaren patioa aire libreko hezkuntza-espazioaren eredu bihurtu da, non jolasak, ikaskuntzak eta naturarekiko kontaktuak bat egiten duten, eskola-komunitatearen mesedetan.