‘Alkarregaz Eraikiz’ proiektuak 2023an prestakuntza eta enplegu beharrei buruz ateratako ondorioak aurkeztu ditu

  • Ekimena Gaztedi Durangaldeak garatu du, hainbat erakunderen laguntzarekin; horien artean Amorebieta-Etxanoko Udala.

Urtean zehar hainbat lan-saio egin ondoren, Gaztedi Durangaldea buru duen ‘Alkarregaz Eraikiz’ proiektuak, 2023ko ondorioak aurkeztu ditu. Ekimena hainbat erakunderen elkarlanari esker eramaten da aurrera, eta horien artean dago Amorebieta-Etxanoko Udala. Gainerako erakundeak dira: Durangaldeko Mankomunitatearen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Abadiño, Atxondo, Berriz, Durango, Elorrio, Ermua, Garai, Iurreta, Izurtza, Mallabia eta Zaldibar. ‘Alkarregaz Eraikiz’ ekimenak helburu du gaur egungo eta etorkizuneko prestakuntza eta enplegu beharrak ardatz izatea, gazteen laneratzea hobetzeko asmoz.

Urteko azken saioan, Amorebieta-Etxanoko Udaleko, Durangaldeko Mankomunitateko eta Ermuko Udaleko ordezkariak bildu ziren 2023ko ondorioak zehazteko. Enpresa eta hezkuntza sektoreko hogeita hamar pertsona eta erakunde inguruk hartu zuten parte saio horretan. Idoia Otaduyk, Mankomunitateko lehendakariak, “gazteei aukera berriak eskaintzearen garrantzia” azpimarratu zuen. Gainera, 2021ean ekintzailetzari buruz egindako diagnostikoa eguneratu zen.

2023ko ondorioen arabera, azaldu zen urtean zehar hainbat  bilera antolatu direla prestakuntza eta enpresa eragileekin, Durangaldean enplegua definitzeko eta sustatzeko, tokiko enpresen premiekin bat datozen prestakuntza-eskaintzak identifikatu eta garatzeko.

Adituek ondorengo sektore hauetan jarri zuten arreta prestakuntza beharrei dagokienez:

  • Merkataritza
  • Ostalaritza
  • Zaintza pertsonalak (ile-apaindegiak, arreta soziosanitarioa)
  • Eraikuntzarekin lotutako lanbideak (iturgintza, elektrizitatea…)
  • Lanbide tradizionalak (soldadura, tornularia, galdaragilea, forjatzailea, fresatzailea, trokelagilea, doitzailea…)
  • Instalazioen mantentze-lanak
  • Trebetasun bigunak (Soft skills)
  • Konpetentzia digitalak eta marketin digitala

Hobekuntza-arlo horiek identifikatu ondoren, enpresa-sektorearen eta prestakuntza-zentroen arteko komunikazio eraginkorra ezartzeko beharra ondorioztatu zen, eskualdeko prestakuntza-eskaintza guztia biltzeko eta zabaltzeko.