Adineko pertsonentzako segurtasunari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio jardunaldiak jarri ditu abian Amorebieta-Etxanoko Udalak

  • Jardunaldien helburua udalerriko adinekoei etxean eta kalean lapurretak prebenitzeko tresnak ematea da.  
  • Jardunaldiak Udaltzaingoak ematen ditu.

Adinekoak pertsona kalteberak dira lapurreten, iruzurren… aurrean. Hala, Amorebieta-Etxanoko Udalak ezagutzaren aldeko apustua egiten dugu prebentzio-neurri gisa. Horregatik, herriko adinekoen elkartearekin batera, segurtasunari buruzko prestakuntza- eta sentsibilizazio-jardunaldiak antolatu ditu. Jardunaldiak etxeko eta kaleko lapurretak prebenitzeko tresnak ematera bideratuta daude, eta Amorebieta-Etxanoko udaltzainek ematen dituzte.

Lapurreta mota horiek ugaritu egiten dira opor garaian, Gabonetan adibidez, eta, beraz, nola jokatu jakitea oso lagungarria izan daiteke adineko pertsonentzat. Helburu horrekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak adineko talde handi bat bildu du arrisku-egoerak prebenitzeko ekintzak, ohiturak eta jarduteko moduak azaltzeko.

Udaltzaingoak hainbat gomendio eman ditu, hala nola etxetik irtetean atea giltzaz ixtea, poltsa gorputzari itsatsita eramatea tiradizoak saihesteko, jende asko dagoen lekuetan ez gelditzea eta, era berean, jenderik ez dagoen leku edo espazioetan isolatzea saihestea, leihoetatik gertu (batez ere etxabeetan edo familia bakarreko etxeetan) edo autoetan objektu baliotsuak bistan ez uztea, kutxazain automatikoetan arretaz jardutea, gakoa sartzerakoan atzeko balizko ikuspegiak gorputzarekin oztopatuz, etxeetako ateetan markatzailerik ez dagoela begiratzea, edo etxeko pertsianak sarritan igo eta jaistea (etxetik kanpo egun batzuk egoteko kasuan, senitartekoren bati posta jasotzeko edo pertsianak igo eta jaisteko abisua ematea).

Ezbeharren bat izanez gero, Udaltzaingoak gomendatu du Udaltzaingoari eta Ertzaintzari lehenbailehen jakinaraztea, haiek jardun dezaten eta bakoitzaren osasuna arriskuan jar ez dezaten.

Udaltzaingoaren presentzia handiagoa
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak jakinarazi du datozen egunetan udaltzaingoaren presentzia handituko dela merkataritza-guneetan, bankuetan edo bizitegi-guneetan, ahal den neurrian ebasketa eta lapurreta kasuak saihesteko.