“Abentura bidaiak” izango da Udal Liburutegiako Berba Lapiko egitasmoaren gaia, abuztuan

Abuztua bidaiei loturiko hilabetea izanik, liburu, komiki eta giden bitartez beste lurralde, herri, kultura eta ohitura ikasteko, bizitzeko eta partekatzeko aukera eskainiko du Berba Lapikok hilabete honetan.

Abuztua oporren hilabetea izan ohi da. Eta oporrak, sarritan, bidaiei loturik egoten dira. Izan ere, eguraldi onak, oporrek eta denbora libreak apropos egiten dute bizitza arruntetik ihes egin eta abentura berriak bizitzera bidaiatzea. Baina batzuetan, ez da posible izaten bidaia hori egitea eta kasu horietan, liburuak dira bidelagun egokienak norberak bere etxetik abentura bidaiak bizi ahal izateko.

Hori hala izanik, abuztuan “Abentura bidaiak” izango da udal liburutegiko Berba Lapiko egitasmo berriaren gai nagusia. Liburu, komiki eta giden bitartez, beste lurralde, herri, kultura eta ohiturak ikasteko, bizitzeko eta partekatzeko aukera eskainiko du abuztuan Berba Lapikok, Amorebieta-Etxanoko liburutegitik munduko azken txokoraino bidaiatzeko zubia zabalduz.

Hitzez eta ilusioz beteriko gune bizia

Berba Lapiko egitasmoa udal liburutegian kokatutako gune bizia da, bizitzarekin eta herriarekin zerikusia duten gaiak jorratzea delako ekimen honen helburua. Egitasmoak, halaber, bi arrazoiengatik hartu du izen hori: lehena, berba, hitz, gai, liburu, komiki, amets, jakintza, eta ilusio askoren lapikoa izan nahi duelako eta bigarrena, kontu, berba, eta errealitate anitz eta askoren berri emango digulako.