250 ekarpen jaso ditu Amorebieta-Etxanoko Udalak familiei zuzendutako parte-hartze prozesuaren baitan

Proposamen bakoitza aztertuko da orain, datorren ikasturtetik aurrera horiek abian jarri edo garatzeko helburuarekin

Udalak eskerrak eman dizkie parte hartu duten familiei egindako proposamenengatik

Martxoan, Amorebieta-Etxanoko Udalak “Arkalaz, Herrigintzan bat!” ekimenaren baitan,, 0 eta 18 urte bitarteko haurrak dituzten udalerriko familiei zuzendutako parte-hartze prozesu bat jarri zuen abian, familien beharrak ezagutu eta proposamen eta ekarpenak jasotzeko.

Parte hartze prozesuaren helburu nagusia izan da, beharren ikuspegi integrala izate aldera, gurasoek eta udalerriko haur eta gazteek hainbat gairen inguruan duten iritzia gertutik ezagutzea,(aisialdia, azpiegiturak, zerbitzuak…) eta horretarako galdetegia bidali da udalerriko familietara, familia zornotzarren ongizatea hobetzen eta egungo zerbitzuak, jarduerak eta azpiegiturak udalerriko familien errealitatera, beharretara eta lehentasunetara egokitzen jarraitzeko. 

Herritarren parte-hartzearen eta familien zaintzaren garrantzia

Zornotzako Udalak prozesuan parte hartzeko denbora hartu duten ehunka familia zornotzarren parte-hartzea eskertu du. Ainhoa Salterain alkatearen hitzetan, “familia zornotzarrak zaintzea lehentasun bat da gobernu-talde honentzat, eta herritarrek politika publikoen diseinuan parte hartzea funtsezkoa da elkarrekin herritarren beharretara egokitutako etorkizun inklusiboago baterantz aurrera egin dezagun; horregatik, euren proposamenak, ideiak eta iritziak helarazi dizkiguten 250 familien parte-hartzea eskertu nahi dut; ekarpenak banan-banan aztertuko ditugu, guztiak kontuan hartuko ditugu eta datorren ikasturterako gure etxekolanak izango dira”. 

Beraz, Amorebieta-Etxanoko Udalak jasotako proposamen bakoitza aztertzeko konpromisoa du, ikuspegi integraletik eta familien, haurren eta gazteen beharrei erantzunez, udalerria hobetzen jarraitzeko.