155 herritar eta eragilek hartu dute parte Amorebieta-Etxanoko 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileen prozesuan

  • Pertsona berak proposamen bat baino gehiago aurkeztu ahal izan ditu. Udal sailek proposamen bakoitza hiru ikuspegi nagusitatik aztertuko dute: juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa.
  • Ebaluazio hori gainditzen duten proposamenak lehenetsiko dira, aurrekontu-proiektuan sartu ahal izateko.

Amorebieta-Etxanoko Udalak joan den apirilaren 1ean hasi zuen 2025eko Aurrekontu Parte-hartzaileetarako proposamenak aurkezteko epea, Arkalaz ekimenaren barruan. Prozesu horren helburua herritarrak erabakiak hartzeko prozesuan inplikatzea da, eta lehen fasea ekainaren 30ean amaitu zen, parte-hartze handiarekin: guztira 155 sarrera jaso ziren, baina garrantzitsua da nabarmentzea pertsona edo herriko elkarte berak proposamen bat baino gehiago aurkeztu ahal izan dituela.

Aurkezteko epea ixtean, prozesuaren bigarren faseari hasiera eman zaio. Aldi honetan, udal sailek proposamen bakoitza hiru ikuspegi nagusitatik aztertuko dute: juridikoa, ekonomikoa eta teknikoa. Irizpide horietakoren bat betetzen ez dutenak baztertu egingo dira. Ebaluazio hori gainditzen duten proposamenak lehenetsiko dira, aurrekontu-proiektuan sartu ahal izateko.

Bigarren eta hirugarren faseak:

  • Irailaren 30era arte: jasotako proposamenak zorrotz ebaluatuko dituzte kasuan kasuko udal-sailek. Baldintza teknikoak, juridikoak eta ekonomikoak betetzen dituztenek bakarrik egingo dute aurrera hurrengo fasera.
  • Onartutako proposamenak: bideragarritzat jotzen diren proposamenak udal-sailek lehenetsiko dituzte, aurrekontu-proiektuan sartzeko.

Hirugarren eta azken fasean, 2025erako Udal Aurrekontuetan baliozkotutako eta lehenetsitako proposamenak sartuko dira. Udala arduratuko da onartutako eta onartu gabeko proiektuei buruzko informazio publikoa emateaz, argituz aurrekontuan ez sartzeak ez duela esan nahi etorkizunean gauzatuko ez direnik.

Amorebieta-Etxanoko Udalak eskerrak eman nahi dizkie prozesu honetan aktiboki parte hartu duten herritar guztiei, guztiontzako udalerri hobea eraikitzeko elkarlanaren garrantzia azpimarratuz.