‘100 aldiz begiratu’, nagusien segurtasuna indartzera bideratutako jardunaldia, maiatzaren 3an, Amorebieta-Etxanon

Eusko Jaurlaritzarekin koordinatuta eta ‘Zornotzan seguru’ ekimenaren baitan kokatuta, jardunaldia egun osoz eskainiko da, goizean herriko plazan eta arratsaldean, aldiz, Nafarroa Zentroan.

Bide-ezbeharrak prebenitzeko sentsibiliazio programa honen helburua da segurtasunean oinarritutako jarduerak eskaintzea, 65 urtetik gorako pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatzeko.

Datorren ostiralean, maiatzak 3, ‘100 aldiz begiratu’ sentsibilizazio programa eramango da aurrera Amorebieta-Etxanon, adinekoei zuzenduta. Programa hau Eusko Jaurlaritzak sustatutakoa da eta Amorebieta-Etxanoko Udalak adinekoen segurtasuna indartzeko abian jarritako ‘Zornotzan nagusiak seguru’ kanpainaren baitan kokatzen da.

Mugikortasuna funtsezkoa da zahartzaro aktiboa eta osasungarria sustatzeko eta adinekoen bizi kalitatea zein ongizate fisiko eta psikosoziala hobetzeko. Mugikortasunak, baina, arriskuak ere eragiten ditu eta adineko pertsonak, zehazki, kolektibo zaurgarria izanik, bide istripuak jasateko edo eragiteko probabilitate handiagoa dute.

Bizitza aktibo, osasungarri eta segurua mantentzea helburu

‘100 aldiz begiratu’ ekimenak garrantzia ematen dio adinekoen autonomiari, bizitza aktiboa, osasungarria eta segurua izaten jarrai dezaten. Helburu horrekin, maiatzaren 3an egun osoko jardunaldia eskainiko da, goizez herriko plazan eta Nafarroa zentroan arratsaldez. Jardunaldia oinez, garraio publikoan edo gidari gisa mugitzen diren adinekoei zuzenduta dago eta helburu du adinekoak beren mugikortasun ohituren eta beharren inguruan hausnartzera bultzatzea eta bide-arrisku egoerak zein joan-etorrietan beren burua babesteko erabil ditzaketen estrategiak identifikatzen ikastea, guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzeko. Horretarako gamifikazioa eta esperimentazioa erabiliko dituzte, segurtasunean oinarritutako ekintzak burutzeko.

Horrelako ekintzen bitartez, Amorebieta-Etxanoko Udalak ingurune seguruak sustatu nahi ditu adinekoen eguneroko bizitzan, horretarako lehen urrats gisa prebentzioa eta segurtasun gomendioak landuz.