1.200 baino gehiago izan dira Udaleko Gizarte Ekintza Sailaren laguntza jaso duten zornotzarrak

Amorebieta-Etxano, 2020ko apirilaren 8a. Amorebieta-Etxanoko Udalak, Gizarte Ekintza Sailaren bidez, 1.200 lagun baino gehiagoren beharrizanak identifikatu eta hauei erantzuna eman die, arrazoi desberdinak tarteko, COVID 19aren ondorioz zaurgarritasun egoeran baitaude.

Elikagaien programa
Gizarte Ekintza Sailak zailtasun ekonomikoak dituzten pertsona eta familien oinarrizko beharrizanak asetzeko berariazko programa bat jarri du martxan.

Hamabost egunetarako 98 elikagai lote banatu dira gizarte langileen lanari esker, eta Eroski, Lidl eta BMren eta Amorebieta-Etxanoko Iraunkor Elkarteko kide diren tokiko ekoizleen laguntzari esker. Gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko produktuak daude lote hauetan eta baita higieneko artikuluak ere.

Zerbitzu honen bidez, Amorebieta-Etxanoko Udalak zaurgarritasun egoeran dauden 275 lagunei lagundu die, horietatik 117 adingabeak.

Etxez etxeko eta telefono bidezko arreta
Udalak etxez etxeko laguntza zerbitzua normaltasunez ematen jarraitzen du, 71 erabiltzaileren etengabeko arreta bermatzeko asmoz. Zerbitzua ematen duten laguntzaileek Eudelek banatzen dituen babes materialak jasotzen dituzte astero.

Azpimarratu beharra dago material honen zati bat maker zornotzarren talde batek eman duela, 3D inprimagailuetan 200 bisera baino gehiago egin baitituzte. Bisera horiek eman zaizkie etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileei, anbulatorioari, farmaziei, Udaltzaingoari, obra eta zerbitzuetako udal langileei, garbiketa zerbitzuko langileei eta eskatu duten dendariei.

Halaber, Udalak elikagaiak eta botikak etxera eramateko zerbitzu bat ematen du. Ekimen hau Gurutze Gorriaren laguntzarekin garatu da, boluntarioen bidez. Orain arte laguntza eskatu duten 12 herritarren beharrizanei erantzun zaie.

Telematikoki ematen den laguntasunari dagokionez, Gizarte Ekintza Sailak telefono bidezko eguneroko jarraipena egiten die pertsonarik zaurgarrienei, orain arte 850 dei inguru egin direlarik isolamendu eta bakardade egoeran dauden herritarrei (Nagusi Aretoaren bidez identifikatu dira).

Halaber, telefono bidez etengabeko laguntasuna ematen zaie mendekotasuna duten 55 laguni, normalean zentroko zerbitzuak erabiltzen dituztenak eta une honetan etxean daudenak. Horietatik 30 adinekoen eguneko zentrora joaten dira eta 25 desgaituen eguneko zentroko erabiltzaileak dira.  Gainera, Zainduz zaintzaileei laguntzeko programako 15 erabiltzaileei ere egiten zaie telefono bidezko jarraipena.

Udala adi dago laguntza behar duten etxerik gabeko kasuak antzemateko. Orain arte pertsona bakarra antzeman da eta Durangoko Mankomunitateak duen Harrera Zerbitzura bidali da, eskualdean eskuduntza duen entitatea hau baita.

Indarkeria matxista
Gizarte Ekintza Saila bereziki kezkatuta dago indarkeria matxista bizi duten emakumeengatik, are gehiago oraindik egungo egoera dela-eta, beraien erasotzaileekin bizitzera behartuta dauden kasuetan. Horregatik, Udalak “Maskara 19” kanpainarekin bat egin du. Kanpaina honek herriko farmazien laguntzarekin, aukera emango die emakumeei laguntza anonimo eta seguru bat eskatzeko.

Telefono bidezko laguntza zerbitzua indarkeria matxistaren biktima izan diren edo izateko arriskuan dauden emakume guztien eskura ere badago. Amorebieta-Etxanoko Udalak gainera herritarren laguntza eskatu du, indarkeria matxistaren kasurik ezagutuz gero, jakinarazi dezaten 94 630 01 90 telefono zenbakira deituz edo mezu elektroniko bat bidaliz ondoko helbidera: ongizatea@amorebieta.eus.

Komunikazio telematikoa gizarte zerbitzuekin
Udalak herritarrei gogorarazten die udal zerbitzuetan aurrez aurreko arreta salbuespenezko kasuetan baino ez dela emango eta, beraz, komunikazio telematikoa lehenetsi behar dela.

Horretarako, Udalarekin harremanetan jarri nahi dutenek, Herritarren Arreta Zerbitzuko 010 edo 94 630 0190 telefono zenbakira deitu dezakete edo Gizarte Ekintza Saileko 94 630 01 90 telefono zenbakira; whatsapp bat bidali 688 866 600 zenbakira edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera: haz@amorebieta.eus.

Amorebieta-Etxanoko herritarrek informazio eguneratua daukate baita ere Udaleko web orrian: www.amorebieta-etxano.eus.. Gainera, zalantzak dituzten guztiei edo koronabirusaren sintomak dituztenei, etxean gelditu behar direla gogorarazten zaie, eta beraien osasun zentrora deitu: 94 600 72 00.