• Amorebieta-Etxanoko Udala / Ayuntamiento
  • Zabalik dago Amorebieta-Etxanon etxebizitzak alokatzeko gazteei zuzenduriko laguntzak eskatzeko epea

    Dirulaguntza horien helburu Nagusia da 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitzara sarbidea erraztea.

    Eskaera egiteko epea zabalik egongo da urriaren 31a bitarte.

    Amorebieta-Etxanoko Udalak etxebizitzak alokatzeko gazte zornotzarrei bideratutako laguntzak eskatzeko epea ireki du. Ekimen honen helburu nagusia da gazteei etxebizitza bat eskuratzen laguntzea, haien independentzia eta ongizatea bultzatu eta bermatzeko. Hala, Udalak 10.000 euroko aurrekontua bideratu du dirulaguntza horretara.

    Laguntza lerro honen bidez, herrian bizi diren edo, 2024ko urriaren 31a baino lehen bizitzeko konpromisoa hartzen duten 18 eta 35 urte bitarteko gazteei etxebizitzaren alokairuaren ordainketan lagunduko du Amorebieta-Etxanoko Udalak, neurri batean. Dirulaguntzak gutxienez hamabi hilabetez eskainiko da, betiere epe horretan ezarritako baldintzak mantentzen badira.

    Dirulaguntza honen onuradun izango dira banaka edo familia-unitate batean bilduta dauden pertsonak eta familia unitatea osatzen dute ezkontza bidez edo izatezko bikote erregistratu gisa elkartutako pertsonek, eta, hala badagokio, haien ardurapeko seme-alabek, bai eta guraso bakarreko unitateek ere, aita edo ama bakarrak osatuak, eta haien ardurapeko seme-alabek.

    Laguntza hori jasotzeko, halaber, 18 eta 35 urte bitarte izan behar dira, ezin da etxebizitzarik eduki jabetzan, eta eskatzaileak edo eskatzaileek dirulaguntza jaso duen etxebizitzan eta udalerrian erroldatuta egon behar dute gutxienez 10 urtez edo elkarren segidan azken 2 urteetan. Halaber, urteko diru-sarrerek 28.000 euro gordinetik beherakoak izan beharko dute.

    Eskaera egiteko epea eta lekua

    Eskabideak aurkezteko epea 2024ko urriaren 31ra arte egongo da zabalik. Eskabideak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan aurkeztu beharko dira, Udalaren egoitza elektronikoaren bidez edo Administrazio Prozedura Erkidearen Legean adierazitako edozein bide erabiliz. Besteak beste, inprimakia, bizikidetza-unitatea osatzen duen pertsona bakoitzaren NANa edo egoitza-txartela eta errentamendu-kontratua aurkeztu beharko dira.