• Amorebieta-Etxanoko Udala / Ayuntamiento
  • Web programazioaren inguruko prestakuntza ikastaroa antolatu da, 17 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta

    Gaztedi Durangaldea planaren baitan antolatu da, eta helburu du parte hartzaileak programazioaren munduan murgiltzea eta prestakuntzan zehar web orri bat sortzen eta osatzen ikastea.

    Prestakuntza doakoa da eta izen ematea zabalik dago apirilaren 21a arte.

    Gaztedi Durangaldea plana gazteei zuzendutako zerbitzuak eta jarduketak sustatzeko eta gazte politika integralak gauzatzeko Bizkaiko Foru Aldundiak sustatutako ekimena da eta horren baitan parte hartzen dute hainbat udalerrik, Amorebieta-Etxano barne. Plan horretatik abiatuta, oraingoan, doako prestakuntza ikastaroa antolatu da, web programazioaren inguruan, 17 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzenduta. Prestakuntza ikastaroa 42 Urduliz eraikinean eskainiko da, munduko programazio eskola berritzaileenean, hain zuzen eta ‘Piscine Discovery web’ programa izango du ardatz. Programa horren bitartez, helburua da parte-hartzaileek 42 Urdulizen metodologia ezagutzea, gazteak programazioaren munduan murgiltzea, honen inguruko informazio eta ezagutzak jasotzea dute – html, CSS, Java Script… –  eta, ikastaroan zehar, web orri bat sortu eta osatzen ikastea.

    Era berean, ikastaro honen bitartez, trebetasun teknologikoak zein zeharkako gaitasunak ( talde-lana, sormena, frustrazioarekiko tolerantzia, pentsamendu kritikoa, adimen emozionalaren garapena…) lantzeko gune bat eskaini nahi zaie gazteei, beren nortasun pertsonalaren garapena ahalbidetzeko espazioa, alegia. Bide batez, emakumeen eta neska gazteen parte-hartzea ere sustatu nahi da informatikaren eta teknologiaren arloan.

    Izen-ematea
    Web programazioaren inguruko ikastaro hau bost egunekoa izango da, eta ekainaren 5etik 9ra bitartean egingo da, goizeko 10:00etatik 14:00etara. Parte-hartzaileek autobusez egingo dituzte joan-etorriak eta horretarako autobus zerbitzua eskainiko da.

    Izen ematea dagoeneko zabalik dago apirilaren 21a bitarte eta parte-hartzeko, ezinbestekoa da ondorengo galdetegia betetzea. Plaza kopurua mugatua da, guztira 48 lagunentzat eskainiko da ikastaroa. Izen emateak kopuru hori gaindituko balu, plazak zozketa bidez esleituko dira. Horren harira, programaren bitartez lortu nahi diren helburuak aintzat hartuta, plazen %60a emakumezkoentzat izango dira eta gainerakoak gizonezkoentzat.

    Amaitzeko, prestakuntza eta eguneroko garraioa doakoak izango diren arren, izena ematean, 30 euroko fidantza jarri beharko dute parte-hartzaileek eta diru hori ikastaroa amaitzean itzuliko zaie (baldin eta prestakuntzara joan diren).