“Maletatzar solidarioa” dator Amorebieta-Etxanora

Amorebieta-Etxano, 2013ko abenduaren 09a. “Maletatzar solidarioa” izango da datorren igandean Ogenbarrena auzo zornotzarrean. Cáritasen bidez, egoera larrian daudenentzako dirua biltzea da ekimen berritzaile honen helburua. Amorebieta-Etxanoko auzo horretako zenbait komertziotan sortu da ideia, Sense gozoki-dendak eta Kebar tabernak bultzatuta eta Udalaren lankidetzaz.

Gabonetako jarduera solidarioen multzo baten barruko ekimena da. Cáritasen bidez, krisiak eraginda egoera ekonomiko latza pairatzen ari diren familietara helaraziko diren fondoak biltzea da, alde batetik, helburua eta, beste alde batetik, bertaratzen diren guztiak entretenitu eta dibertitzea, umeekin batera doazen familientzat antolatu delarik bereziki.

Langabezian daudelako, eguneroko produktuetako batzuk erosteari utzi dioten pertsona kopuruaren gehikuntza sumatu izana izan da ekimenaren pizgarria. Gaur egun ekonomia egoera latza pairatzen duten adiskideak edo auzoko bizilagunak dira horietako asko. 

Bestalde, joan den urtean Amorebieta-Etxanon antolatu zen Erdi Aroko jaiko 1.500 euro dituzte, hasiera batean hurrengo ediziorako izango zirenak. Krisi egoera aintzat hartuta, baina, Senses gozoki-dendan eta Kebar tabernan pentsatu dute beste beharrizan batzuei eman behar zaiela lehentasuna. Hori horrela, deialdia zabaldu diete udalerriko elkarteei eta Udalari berari, honako ekintza hauek burutzeko:

Abenduaren 14an, auto klasikoen desfilea
Abenduaren 14an, larunbatarekin, auto klasikoen desfilea izango da, eguerdian, nahi duten guztiei irekia eta debalde.

Abenduaren 15ean, Maletazar Solidarioa

Familientzako herri-lasterketa izango da “Maletatzar Solidarioa” izenburupean antolatu den beste ekintza hau. Maleta eskuan, ibilaldi laburra egingo dute partaideek Ogenbarrena auzoan. Lasterketa egiteko interesa dutenek 2.50 euro ordainduko dute. Biltzen den dirua Cáritas elkarteari emango zaio eta, partaideek, beren aldetik, propio diseinatu den elastikoa jasoko dute, bai eta dortsala ere. 

Lasterketa amaitzen denean korrikalari guztientzako opariak izango dira. Horiezaz gain, bi sari banatuko dituzte. Alde batetik, lehendabiziko 40en artean iritsi eta maletarik astunena daramanarentzako saria izango da eta, bestetik, janzkerarik barregarriena daramanarentzat, helmugara azken iritsi arren. 

Ahalik eta partaide gehien biltzea da Amorebieta-Etxanon lehenengoz egingo den solidaritate-ekimen honen helburua, arrakastatsua izanez gero, datorren urtean berriro antolatzeko.

Abenduaren 21ean, “txikien” desfilea
Txikienen eguna izango da larunbata, abenduak 21. Mini GP motorren zirkuitua prestatu da hiru urtetik beherakoentzat. Denek izango dute euren saria, bai podiumera iristen diren lehenengo hirurek, bai gainerako partaide guztiek ere. Aurpegia margotuko zaie bertaratzen diren haur guztiei eta, azkenik, 4 eta 10 urte bitarteko umeen desfilea izango da, 2013ko bikote solidarioa aukeratzeko.

Gabon Txokoa

Apur-apurka bildu dituzten eta berriro erabiliak izan ahalko diren produktuen azoka izango da Gabon Txokoan. Horri esker, egoera onean dauden artikuluak prezio egokian eskuratzeko parada izango da. Udalerriko hainbat establezimendutan jarri diren itsulapikoetako batera bilduko da ekimen honen bidezko etekina. Hainbat tokitan izango dira, bestalde, horrelako itsulapikoak nahi duten guztiek, euren ekarpena egiteaz batera, Gabonetako hiru otzararen zozketan parte har dezaten. 

Paparazzi lehiaketa izango da ekimenen arteko beste bat. Nahi adina argazki egin eta paperezko formatuan bidal daitezke, 13×18 neurrian, kolaboratzaile diren establezimenduetako edozeinetara. Jasotzen diren argazkiak ikusgai jarriko dira, eta onena aukeratuko. Txapelketan parte hartzen dutenek prezio sinbolikoa ordainduko dute, 50 zentimo, eta honen bidez jasotzen den dirua ere helburu solidarioetarako erabiliko da. 

Ekintza solidarioak programatuta dauden bost egunetan girotze-ekitaldiak eskainiko dituzte Amorebieta-Etxanoko abesbatzek.

Informazioa eta izen-ematea (2.50 euro), Ogenbarrenako komertzioetan eta telefono hauen bidez: 650.266.232 eta 656.710.802