Zornotzarrek Ganeko igerilekuetara joateko aukera izango dute ekainaren 15etik aurrera

Amorebieta-Etxano, 2021eko ekainaren 10ean, osteguna. Amorebieta-Etxanoko Udalak Ganeko igerileku irekiak zabalduko ditu ekainaren 15ean, asteartean. Irekiera segurtasun neurri zorrotzekin burutuko da erabiltzaile guztien osasuna bermatzeko.

Instalazioek ordutegi berria izango dute. Astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 21:00etara. Igande eta jaiegunetan ordubete arinago itxiko da, 20:00etan. Irailean, 12:00etatik 19:00etara irekiko da.

Erabiltzaile bakoitzak bere musukoa ekarri beharko du eta desinfektatzeko gela erabilgarri izango da uneoro.

Sartzeko eta irteteko noranzkoak, lurrean jarrita dauden seinaleen bidez adieraziko dira. Helburua ukipen elementuak ekiditea eta segurtasun distantzia gorde ahal izatea da. Honako azken neurri hau uneoro jarraitzea nahitaezkoa izango da eta bete ahal izateko seinaleak jarriko dira lurrean.

Edukierari dagokionez,  osasun arauek ezarritakora mugatuko da eta instalazioetara zein igerileku barrura sartzen den jende kopurua zenbatzeko sistema batekin kontrolatuko da. Libre dauden plazak zenbat diren edozein momentutan jakin ahal izango da horretarako ezarri den sistema informatikoari esker. Informazio hori edozeinek ikusi ahal izango du udalaren web orrian www.amorebieta-etxano.eus. 94 6850914 telefonoan edo aurrez aurre ere kontsultatu ahal izango da.

Aldagela eta dutxen erabilerari dagokionez ere, indarrean dagoen osasun araudiak ezarritakoa bete beharko da.

Eguzkia berdegunean bakarrik hartu ahal izango da eta pilotalekua eta tenis pista itxita egongo dira. Halaber, taldeen arteko distantzia gorde beharko da eta objektu pertsonal guztiak segurtasun perimetro baten barruan egon beharko dira, gainontzeko erabiltzaileekin kontaktua ekidinez.

Denboraldia irailaren 15era arte luzatuko da, betiere osasun eta segurtasun berme guztiekin erabiltzeko aukera ematen badute inguruabarrek, bai langileentzat eta baita erabiltzaileentzat ere.  Helburu honekin Amorebieta-Etxanoko Udalak dei egiten du ezarritako neurriak bete eta instalazioak modu arduratsuan erabiltzeko.