Hamargarren ediziorako izena emateko epea martxoaren 31a arte egongo da zabalik (egun hori barne) Amorebieta-Etxanoko ostalaritza establezimenduentzat.
Zornotzan Jan Alai pintxo lehiaketa arrakastatsuaren edizio berria udaberrian itzuliko da, ekainaren 1etik 4rako asteburuan, hain zuzen ere. Gaur prentsaurrekoan egindako aurkezpenean, Andoni Agirrebeitia alkateak azpimarratu du Jan Alai pintxo lehiaketa bat baino gehiago dela: “Jan Alai zornotzarrok gastronomiarekin dugun urteroko hitzordua bihurtu da, guztiok gozatzen dugun tradizioa. Jan Alai lehiaketaren baitan kalean elkartzen gara, gure ostalaritza-establezimenduak bisitatzen ditugu, eta bertan ostalarien proposamen paregabeak eta landuak probatzeko aukera daukagu, halako lehiaketa batek dakarren ilusioarekin eta esperientziarekin prestatuak guztiak”.
Udaberrira buelta
Estibalitz Martiartu Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak azaldu duenez, aurten lehiaketaren ohiko data berreskuratuko da: “pandemiaren ondorioz bederatzigarren edizioa gelditu ondoren, iaz, 2022an, Jan Alai lehiaketa berreskuratu genuen urrian, urtebete gehiago ez galtzeko asmoz. Hala ere, argi geneukan ahal genuen neurrian bere ohiko data berreskuratu behar genuela, udaberria. Eta horrela izango da 2023an, ekainaren 1etik 4rako asteburuan ospatuko baita. Hala ere, eskerrak eman nahi dizkiet Amorebieta-Etxanoko ostalariei eta herritarrei emandako erantzunagatik, datetatik haratago, haiei esker baita lehiaketa arrakastatsua”.
Era berean, zinegotzi zornotzarrak esan du edizio berri honetako lehiaketa ordutegia ere eguerdiz eta arratsaldez izango dela, 12:00etatik 15:00etara eta 18:00etatik 21:00etara: “ostegunean arratsaldez bakarrik zerbitzatuko dira pintxoak, eta igandean eguerdian bakarrik. Hala ere, establezimendu bakoitzaren erabakia izango da pintxoak lehiaketatik kanpo zerbitzatzea. Prezioari dagokionez, establezimendu bakoitzak erabakiko du, baina 1€ eta 2€ artean izan beharko da”.
Lau sari
Estibalitz Martiartuk azpimarratu du aurtengo Zornotzan Jan Alai pintxo lehiaketak ere lau sari izango dituela: “Epaimahai Teknikoak pintxorik berritzaileena sarituko du 1.000 eurorekin. Herritarren saria ere 1.000 eurokoa izango da, eta Herri Epaimahaiak aukeratuko du. Azken hori arduratuko da zerbitzari profesionalena aukeratzeaz, eta bigarren urtez jarraian, 250 euroko saria irabaziko du. Eta azkenik, 500 euroko saria zozketatuko da Herri Epaimahai gisa parte hartzen dutenen artean. Era berean, Top Ten zerrenda argitaratuko da lehiaketan puntuaziorik gehien lortu duten hamar pintxoekin”.
Martiartuk azaldu duenez, sari banaketa lehiaketaren azken egunean egingo da, ekainaren 4an, 20:00etan: “pintxo berritzaileenaren saria eta sari herrikoia bat etorriz gero, publikoak gehien bozkatzen duen bigarrenari emango zaio. Era berean, establezimenduei eta zerbitzariei gogorarazi nahi diegu derrigorrezkoa dela sari-banaketara joatea. Bertaratu ezean, hurrengo puntuaziorik onena lortu duen hurrengo establezimendu edo zerbitzariari emango zaio saria”.
Dendariak eta Iraunkor
Bestalde, Martiartuk azpimarratu du Dendariak merkatarien elkartea eta Iraunkor lehen sektoreko elkartea ere Zornotzan Jan Alai pintxo lehiaketaren parte aktibo direla, eta, beraz, eurek ere sariak emango dituztela: “bi sustatzaileek beren sariak emango dituzte hamargarren edizio honetan ere. Dendariak elkarteak 30 fianbrera zozketatuko ditu lehiaketan parte hartu duten pintxo guztien artean eta Iraunkor elkarteak, berriz, bertako produktuez osatutako hiru saski zozketatuko ditu gune bakoitzeko hiru pintxo probatu dituztenen artean”.
Izen-emate epeak
Amaitzeko, Martiartuk izena ematera animatu ditu oraindik izena eman ez duten establezimenduak: “epea martxoaren 6an ireki zen eta nahi duten establezimenduek martxoaren 31ra arte eman ahal izango dute izena, egun hori barne. Hemendik animatu nahi ditut oraindik izena eman ez duten establezimendu guztiak. Deialdiari buruzko informazio guztia eta izena emateko fitxa www.amorebieta-etxano.eus udal webgunean eta Zelaietako harreran dituzte. Informazio gehiago behar izanez gero berriz 946 300 650 telefonora edo zelaieta@amorebieta.eus helbidera mezu elektroniko bat idatz dezkate. Guztioi esker, Amorebieta-Etxano udalerri bizia da, bizitzeko herririk onena”.