Homologatutako ibilbide honek Andres Espinosaren bizitza eta abenturen berri izatera gonbidatzen zaitu. Bidetan jarrita dauden hiru interpretazio-mahaiek euskal mendizaletasunean lorratz sakona utzi zuen pertsonaia guztiz interesgarria ezagutaraziko dizu. Aisialdi-proposamen hau era eta adin guztietako pertsonentzat da, ondo bereizitako bi zati ditu-eta: erraza eta erosoa bata, luzeagoa eta gogorragoa bestea.
- Jauregibarri parkean, ekingo diogu txangoari. Parke tematiko honek Euskal Herriko hamar baso-mota autoktono eta 2.300 m2-ko aintzira ditu bere barruan. Baita interpretazio-gune bat ere Jauregibarri baserrian. Hemendik , Etxanoko San Migel elizariano zuzenduko gara.
- Etxanotik Epaltza aldera jo eta ezkerrera desbideratuko gara, Ofrendoko San Juan ermitara eta hango harizti bikainera iristeko. Urritxe institutik behera datorren senda hartu eta trenbide zeharkatu ondoren Larrearaino helduko gara.
- Hurrengo helburua San Bartolome ermita dugu. Goratxoago dagoen Munitxa baserrira igo eta Ergoiengo San Juan ermitara hurreratuko gaituen bideari helduko diogu.
- San Juan ermita ostean hasten den burdibide batetik zehar pista bateraino jarraitu eta laster gara Bizkargi mendiaren magalean. Aldana Goikotik pasatuz, San Migel ermitara bideratuko gara.
- Beherazko bidean Isasi baserrira jo eta, hemendik aurrera, errepideari jarraituko diogu; basoz inguratutako bide lau batek Larreara itzuliko gaitu. Larreatik abiapuntura heltzeko, herriko kaleetan barneratuko gara.
Jarraitu beharreko arauak:
- Natura garbi mantentzen lagundu.
- Ez egin surik mendi eta basoetan.
- Langa eta atakak aurkitutako moduan utzi.
- Eraikuntza zaharrak eta antzinako aztarnak errespetatu.