Zelaieta Zentroko Erakusketa Gelak gaur hasiko du ikasturte berria Santos Okinaren oleo erakusketarekin

Santos Okinaren ‘Zornotzako paisaiak’ oleo lanak erakusketa gelan egongo dira ikusgai; bestalde, Zelaietako lehen solairuan bitxigintza ikastaroko ikasleen lanak ikusi ahal izango dira.

2023-2024 ikasturte berriari hasiera eman zaio Zelaieta Zentroan, eta horrekin batera, hileroko erakusketei. Irailean bi izango dira: erakusketa gelan Santos Okinaren oleoak egongo dira; eta eraikin bereko lehen solairuan bitxigintzako ikastaroko ikasleek egindako lanak.

‘Zornotzako paisaiak’, irailaren 6tik 30era
Gaurtik aurrera, Zelaieta Zentroko erakusketa gelara sartzen direnak Santos Okinaren ‘Zornotzako paisaiak’ erakusketaz gozatzeko aukera izango dute. Bizkaiko, Arabako eta Burgosko iparraldeko paisaiak in situ margotzen espezializatua den artistak, ez du baztertzen beste gai batzuekin lan egitea, hala nola, bodegoiekin, lan abstraktuekin edo beste artista batzuen obren interpretazioekin. Hala ere, datorren irailaren 30era arte Zelaieta Zentroan egongo den erakusketan, Okinak Amorebieta-Etxanoko baserri zaharrak eta txokoak irudikatzen dituzten oleoak erakutsiko ditu.

Bitxigintzako ikastaroko lanak
Bestalde, Zelaieta Zentroko lehen solairuan ere erakusketa bat egongo da irailean, kasu honetan hilaren 18tik urriaren 3ra. Bitxigintzako tailerreko ikasleek ikusgai jarriko dituzte aurreko ikasturte osoan zehar egindako lanak.