Udalak Zornotzanerosi abiarazi du, tokiko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzeko online plataforma

Amorebieta-Etxano, 2021eko ekainaren 10ean, osteguna. Zornotzanerosi, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Enplegu eta Ekonomia Sustapen Sailak bultzatutako online plataforma, martxan da dagoeneko.

Dagoeneko 49 izan dira proiektu honetan murgildu diren udalerriko establezimenduak. Plataforma berri honek tokiko merkataritza txikia bultzatu nahi du, berau teknologia berrietara egokituz eta herritarrak gure saltokian erostera bultzatuz, hala nahi duten establezimendu guztiei beren produktuak online saltzeko aukera emango dien plataforma bakar baten bidez.

Plataforma lehiakortasuna hobetzeko eta tokiko merkataritzaren berehalako eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko diseinatuta dago eta hiru aukera eskaintzen ditu: direktorio-fitxa bat sortzea, erakusleiho denda bat edo on-line denda bat. Gainera, plataformak aukera emango du sistema propioa duten saltokien on-line salmenta-zerbitzuekin lotzeko.

Proiektu honekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak on-line marketineko tresna bat jartzen du tokiko establezimenduen eskura, Internetek eta teknologia berriek posizionatzeko orduan gero eta pisu handiagoa duten mundu honetan bereizteko modu bat.

Udalak plataforma sortzeko kostua bere gain hartuko du, baita lehenengo bi urteetako mantentze-lanak eta domeinu eta hosting-aren lehenengo urteko kostua.

Tresna berria

Online salmentako atariak tresna berriak dira gaur egun negozioak ikusarazteko eta bezero gehiago erakartzeko. Horregatik bultzatzen du Amorebieta-Etxanoko Udalak proiektu hau. Berau zabaltzea, ezagutaraztea eta bere erabilera sustatzea ere tokiko merkataritzari laguntzea da; funtsezkoa da herritarrak kontzientziatzea udalerriko dendetan eta negozio txikietan erosteak duen garrantziaz.

Udaleko Enplegua eta Ekonomia Sustatzeko Sailak, herriko merkatari eta establezimendu guztiak animatu nahi ditu Zornotzanerosi plataformara atxikitzera tokiko merkataritzari bultzada sendo bat emateko itxaropenez. Informazio gehiago jaso nahi dutenek harremanetan jar daitezke 946812204 telefonora deituz edo soporte@zornotzanerosi.eus helbide elektronikora mezu bat bidaliz.

Herriko merkataritza bizitza da!