Hitzaldia apirilaren 26an izango da Nafarroa Zentroan, ‘Zainduz Programa’ ezagunaren baitan. Parte hartu nahi duten zaintzaileek aldez aurretik eman beharko dute izena HAZera deituz (94 630 00 02) edo zainduz@amorebieta.eus helbide elektronikora idatzita.
Amorebieta-Etxanoko Udalak zaintzaileei zuzendutako jarduera berri bat antolatu du apirilaren 26rako. ‘Ez esaten ikasi’ izenburupean hitzaldi bat emango da, zaintzaileek zaintza-egoeraren barruan mugak modu asertiboan ezartzen ikas dezaten. Hitzaldian, zaintzaileek beren egunerokoan aurre egin behar izaten dituzten egoerak aztertuko dira. Batetik, zaintzen duten pertsonari dagokionez, arreta-eskaera neurrigabea denean egoera nola kudeatu aztertuko da; eta bestetik, zaintza familiarekin partekatua denean eskaerak egiteko edo ukatzeko izaten diren zailtasunei nola aurre egin landuko da. Gizarte Ekintza sailak gogorarazi du zaintzaren eremuan mugak ezartzen eta ezetz esaten ikas daitekeela; hau da, trebetasun hori entrenatu daitekeela hainbat helburu lortzeko, emozioak erregulatzeko eta ongizatean irabazteko.
Hitzaldia Nafarroa Zentroan izango da, apirilaren 26an, 16:30etatik 18:30etara, eta interesatuek izena eman edo Zainduz Programak eskaintzen dituen baliabideei buruzko informazio gehiago eskatu ahal izango dute HAZera deituz (94 630 00 02) edo zainduz@amorebieta.eus helbide elektronikoaren bidez. Bi kasuetan, izena, abizenak eta harremanetarako zenbaki bat utzi beharko dira; izena emateko epea apirilaren 21a arte egongo da zabalik.
Zainduz Programa: zaintzaileentzako zaintza
Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat jarduera antolatzen ditu ikasturte osoan zehar ‘Zainduz Progama: zaintzailearentzako zaintza’ programaren baitan. Programa horren helburua da zaintzaileei edo mendetasun-egoeran dauden senideei laguntzea, denbora eta energia eskainiz, eta egiten duten lan gogorrari eta ezkutukoari merezi duen aitortza emanez.