Kanpainara bideratutako 32.000 bonuetatik 30.900 inguru erabili dira.
Joan den abenduaren 15ean amaitu zen’ Amorebono 2022′ kanpaina, sei hilabetez 32.000 bono zirkulazioan egon ostean. Amorebieta-Etxanoko Udalak oso positibotzat jo du herritarren erantzuna, eta eskerrak eman dizkio tokiko dendetan eta ostalaritza-establezimenduetan Amorebono bat trukatu duen erabiltzaile bakoitzari. Estibalitz Martiartu Sustapen Ekonomikoko eta Enpleguko zinegotziak azaldu duen bezala, Udalak tinko eusten dio tokiko merkataritza eta ostalaritza babesteko eta biziberritzeko duen eginbehar eta konpromisoari: ‘Amorebono 2022’ren edizio berri honek ez du huts egin, eta herritarren onarpen eta erantzun handia izan du; gainera, bultzada handia izan da negozio eta ostalaritzako establezimenduentzat. Azpimarratu nahi dut horiek gure nortasunaren parte direla eta herri bizi batek beti merkataritza sendoa duela oinarri”.
620.000 inguruko eragina ekonomian
Datuei dagokienez, zirkulazioan jarritako 32.000 bonuetatik 30.900 bonu baino gehiago trukatu dira, %96,5 inguru. Horrela, zornotzarrek 620.000 euro bideratu dituzte, gutxienez, Amorebieta-Etxanon erosi eta kontsumitzeko.
Amaitzeko, Amorebieta-Etxanoko Udalak herritarrei gogorarazi nahi die garrantzitsua dela tokiko merkataritza eta ostalaritza babesten jarraitzea. Era berean, jakinarazi du laster irekiko dela izena emateko epea, 2023ko kanpainari begira, merkatarientzat eta ostalaritza-zentroentzat.