Udalak Ixerango kalearen asfaltatze eta berregokitzearekin batera amaitutzat eman du Ogenbarrena inguruaren eraberritze integrala

Udalak otsailean amaitu zituen Ogenbarrena eta Gudari eremuko hirugarren faseko lanak, eta azken jarduketa horrekin bukatutzat eman du inguruaren hobetzea. Egindako inbertsioa 2.000.000 euro ingurukoa izan da.

Amorebieta-Etxanoko Udalak amaitutzat eman du Ogenbarrena eta Gudari inguruan egindako jarduketa integrala, Ixerango kalean egin berri den esku-hartzearekin: kalea asfaltatu eta berregokitu da, pintatze-lanen bidez. Horrela, ingurune osoan egindako hobekuntzei esker, gaur egun, Ixerango eta Ogenabekoa kaleak eta Gudari kalearen zatia, azken horiek Ogenabekoa kalearen eta Ogenbarrena kalearen elkarguneei dagozkienak, berrurbanizatutako eta berrantolatutako espazioak dira. Gainera, inguruko bizilagunek 78 aparkaleku berri dituzte orain, 43 Ixerango kalean eta 35 Gudari kalean. Egindako inbertsioa 2.000.000 euro ingurukoa izan da.

Ingurune hobetua
Ogenbarrena eta Gudari inguruan egindako obrak otsailean amaitu ziren, oinezkoentzako hiri-espazioaren balioa handituz. Espaloiak zabaldu, oztopoak kendu eta oinezkoen ibilbideak urratu ziren. Gainera, inguruko estetika eta ingurumen kalitatea hobetu zen, erabilera-espazioak handituz eta landarediko eta zuhaitzetako elementu txikiak sartuz. Era berean, azpiegiturak hobetu ziren, hala nola argiak, hustubide-elementuak, saneamendua eta drainatzea, eta instalazio-sareak, eta edukiontzien eta aparkalekuen eremuak ezarri eta antolatu ziren.

Halaber, Amorebieta-Etxanoko Udalak Gudari kalea berrantolatu zuen Ogenbarrena inguruarekin bat egiten duen tokian, horrela, bi eremuen hiri-kohesioa mantenduz. Zonari akabera berriak eman zitzaizkion, espaloia eta ibilgailuentzako bidea berrantolatu ziren, eta biribilgune berri bat egin zen inguruko zirkulazioa hobetzeko.