Bi trazadurak elkarrekin konektatuta egongo dira eta ibilbideak, guztira, 15,4 kilometroko luzera izango du.
Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreikuspenaren arabera, Amorebieta-Etxano eta Iurreta lotuko dituen bizipista amaituta egongo da datorren hilabeterako; aldiz, udalerri zornotzarra, Erletxe (Galdakao) eta Larrabetzu batuko dituen trazadura berria 2024an egingo da.
Amorebieta-Etxano konektatuta egongo da Iurreta, Erletxe (Galdakao) eta Larrabetzu udalerriekin, bizipistaz. Guztira 15,9 kilometro luzeko ibilbidea izango da, eta Bizkaiko Foru Aldundiak 2024rako amaituta izatea aurreikusi du. Bi administrazioen arteko elkarlana bizikleta-azpiegituren aldeko apustu sendoa da. Azpiegitura horien helburua da mugikortasun iraunkorra sustatzea eta herritarrei bizikletaren erabilera erraztea, eguneroko joan-etorrietarako auto pribatuaren alternatiba gisa.
Alde batetik, joan den abendutik, Bizkaiko Foru Aldundia Amorebieta-Etxano eta Iurreta lotuko dituen bizipista zatia eraikitzen ari da. Trazadura berriko obrek 7,5 kilometroko luzera izango dute, eta lanak erritmo onean doaz; beraz, udaberrirako amaituta egotea aurreikusten du Aldundiak; inbertsioa 12,7 milioi eurokoa izango da.
Gainera, Foru Aldundiak iragarri du Amorebieta-Etxano, Erletxe (Galdakao) eta Larrabetzu lotuko dituen bizikleta-bide berriaren proiektuak onartu dituela. Bi trazadurek bat egingo dute, eta guztira 7,9 kilometroko luzera izango dute. Aldundiak aurreikusi du obra 2024an amaitua izatea, eta 20,6 milioi euro bideratuko ditu guztira.
Informazio panelak Zelaieta Zentroan
Horrela, eta zornotzarrei bizipista berriei buruzko informazioa emateko nahiarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera, informazio-panelak jarri ditu Zelaieta Zentroan. Datorren ekainera arte egongo dira ikusgai, bizikleta-pista berrien informazio eta ezaugarriekin.