Gabonetako kanpainari begira Amorebieta-Etxanoko Udalak azaldu du momentu aproposa dela herriko merkataritzari bultzada eman eta tokian tokiko kontsumoa indartzeko.
Amorebieta-Etxanoko Udalak joan den ekainaren 1ean jarri zuen abian ‘Amorebono 2022’ kanpaina berria, Dendariak eta Iraunkor elkarteekin batera. Edizio berri honek izandako arrakastari eta harrera onari esker, Amorebonoak zirkulazioan daude bai lehen sektoreko erosketetarako eta baita gainerako negozioetarako ere. Bono kanpainaren helburua da tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzea eta herriko ekonomia suspertzea, tokian tokiko kontsumoa bultzatuz.
Azken hilabetea
Horri lotuta, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogorarazi du azken hilabetea dela Amorebonoak erabili ahal izateko, 2022ko edizioa abenduaren 15ean amaitzen baita. Gauzak horrela, Gabonetako kanpaina ate joka dugun honetan, Estibalitz Martiartuk, Enplegu eta Sustapen zinegotziak azaldu du Amorebonoek aukera paregabea eskaintzen dutela gustuko produktuak edota opariak deskontuekin lortzeko: “Amorebonoen erabilerak herritarrentzako aurrezpena dakar, eta era berean bultzada handia Amorebieta-Etxanoko merkataritza eta ostalaritza sektorearentzat. Horregatik, oraindik bonoak dituzten zornotzarrak animatu nahi ditugu horiek erabiltzera”.