Udalak balorazio positiboa egin du Mugikortasun Iraunkorraren Astearen inguruan

Zelaieta parkean eta Gudari kalean antolatu zituen Udalak jarduerak, zornotzarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzeko helburuarekin.

Amorebieta-Etxanoko Udalak positibotzat jo ditu irailaren 22an Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen inguruan antolatutako ekitaldiak. Beste behin ere, zornotzarrak kontzientziatu eta sentsibilizatzearen aldeko apustua egin zuen Udalak, eta jarduerak antolatu zituen Zelaieta parkean eta Gudari kalean. Hala, Udalak herritarren prestutasuna azpimarratu du, antolatutako erronka eta jardueretan izandako parte hartze ona medio; hala nola, oztopo-ginkanan, bide-hezkuntzako zirkuituan edo Partybikean.

Udalerri iraunkorrago baterantz
Amorebieta-Etxanoko Udalak bizikleta bidezko mugikortasunaren aldeko apustua egin eta sustatzea du helburu; hala, joan den apiriletik abian dira ‘Amorebieta-Etxanoko Bizikletaz’ planaren obrak. Plan horren helburua da udalerrian bizikleta-bideen presentzia indartzea eta bide-segurtasuna hobetzea. Horri esker, Amorebieta-Etxano herria leku erosoa eta segurua izango da bizikletan ibiltzeko, eta hiri-ingurune osasungarriagoa eta kutsadura gutxiagokoa izango da.