Tabakoak eta zigarro elektronikoek osasunean duten eraginaz informatzeko ekintzak egingo dira maiatzaren 31n

Amorebieta-Etxanoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna baliatuko du herritarrei informazioa eman eta gazteen artean prebentzio tailerrak egiteko.

Maiatzaren azken eguna izango da aurten ere Tabakorik Gabeko Nazioarteko Eguna, eta Amorebieta-Etxanoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak hainbat ekintza antolatu ditu tabakoak zein zigarro elektronikoak osasunean duten eraginaz herritarrak informatzeko. Karpa bat jarriko da maiatzaren 31n Zelaieta parkean, 17:00etatik 20:00etara, herriko Osasun Zentroarekin eta Amorebieta-Etxanoko Minbiziaren Aurkako Elkartearekin elkarlanean. Bertan familiei eta herritarrei bideratutako jolasak egingo dira, eta informazioa ere banatuko da horretarako prestatuko esku-orrien bidez.

Izan ere, tabakoa da gaur egun helduen zein gazteen artean gehien kontsumitzen den sustantzietako bat, alkoholarekin eta marihuanarekin batera. Azken urteetan, gainera, zigarro elektronikoen kontsumoak gora egin du nabarmen, batez ere gaztetxoen artean, eta datuen arabera geroz eta gazteago hasten dira halako sustantziak kontsumitzen. Horregatik, Amorebieta-Etxanoko Adikzioen Prebentziorako Zerbitzuak garrantzitsutzat jo du gazteen artean prebentziora bideratutako ekintza zehatzak egitea. Horregatik, herritar guztiei bideratutako ekintzak egiteaz gain, herriko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleekin prebentzio tailerrak ere egingo ditu.

Zerbitzuak emandako informazioaren arabera, gaur egun oraindik ez dago jakiterik zigarro elektronikoak tabakoa baino hobeak diren, hori jakitera bideratutako ikerketa gehienak tabako enpresek ordaindutakoak direlako. Baina zehaztu dutenez, frogatuta dago zigarro elektronikoek ere adikzioa sortzen dutela, erretzen diren sustantzia batzuk nikotina gabekoak izan arren sustantzia toxikoak dituztelako.

Zigarro elektronikoa | Informazioa