Pintzelak elkartearen pintura erakusketa izango da ikusgai otsailean Zelaieta Zentroan

Erakusketa Zelaietako erakusketa gelan egongo da ikusgai otsailaren 1etik 25era. Bestalde, ate irekien bi jardunaldi ere izango dira, hilaren 17an euskaraz eta 24an gaztelaniaz.

Otsailean zehar erakusketa berri bat izango da ikusgai Zelaieta Zentroko erakusketa gelan, Pintzelak elkartearen eskutik. ‘Iruditik eskura, ideiatik kolorera, jatorritik amaierara apaltasunetik, argia’ izeneko erakusketa otsailaren 1ean inauguratuko da, 18:00etan, aretoan bertan eta ekitaldi irekia izango da; otsailaren 25era arte izango da ikusgai. Gainera, diziplina honetan sakondu eta elkartea bertatik bertara ezagutu nahi dutenek Zelaietako zeramika aretoan izango dute aukera, ate irekietako jardunaldietan: otsailaren 17an, 19:00-20:30 ordutegian euskaraz, eta otsailaren 24an, 19:00-20:30  ordutegian gaztelaniaz.

Sormen prozesuaren garatzea
Erakusketaren komisarioa, Pablo Astrain, Pintzelak elkarteak antolatutako pintura ikastaroaren irakaslea ere bada. Elkartearen helburua da arte plastikoen bidez pertsonen sormen prozesua garatzea. Horrela, pinturarekiko zaletasuna duten pertsonek sorkuntzarako, ikaskuntzarako eta garapen artistikorako gune bat aurkitzen dute Pintzelak elkartean.