Merkataritzan eta ostalaritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina jarriko da martxan abenduaren 4tik 31ra

“Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako kanpaina honek helburu du herritarrak, merkatariak eta ostalariak aktibatzea herriko saltoki zein taberna edo jatetxeetan, euskaraz eskaini eta eskatu dezaten sustatzeko.

 Amorebieta-Etxanoko Udalak, euskararen aldeko apustu irmoan, bat egin du ekimenarekin eta herriko merkatari eta ostalariak animatu ditu kanpainan parte hartzera.

Euskaraldian murgilduta gauden honetan eta Euskararen Eguna ate joka dugun garaietan, Amorebieta-Etxanoko Udalak euskararen erabilera sustatzeko lanketari jarraipena eman nahi dio. Hala, bat egin du Eusko Jaurlaritzatik merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan euskararen erabilera bultzatzeko abian jarri duten kanpainarekin.

‘Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz’ da kanpaina berri horren leloa eta helburu du herritarrak, merkatariak eta ostalariak aktibatzea, tokian tokiko saltoki zein taberna edota jatetxeetan euskara izan dadin hizkuntza nagusia eta zerbitzuak euskaraz eskaini eta bezeroek euskaraz eskatu dezaten.

Amorebieta-Etxanoko Udalak, euskararen aldeko apustu irmoan, bat egin du kanpaina horrekin eta herriko merkatari eta ostalariak animatu ditu parte hartzera. Kanpaina abenduaren 4tik 31ra bitartean garatuko da.

Amaia Aurrekoetxea Euskara zinegotziak azaldu moduan, “Euskara gure ama hizkuntza izanik, euskaldun hiztun guztioi dagokigu euskara zaintzea eta honen erabilera indartzea, sendotzea eta hedatzen jarraitzea ere. Udaletik hori horrela izan dadin etengabe egiten dugu lan eta kanpaina honen bitartez, lanketa horri bultzada bat eman nahi diogu, zornotzar guztiekin elkarlanean, Amorebieta-Etxanon euskarak hizkuntza nagusia izaten jarrai dezan eta zornotzarrok euskaraz bizitzen jarrai dezagun”.