Aurre-inskripzioa egiteko epea uztailaren 10era arte egongo da zabalik, eta kiroldegian bertan edo amorebieta-etxano.eus webgunean eman ahal izango da.
Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat ikastaro antolatu ditu irailerako Larrea Kiroldegian. Horrela, adin guztietako zornotzarrek kirola egin ahal izango dute. Honako ikastaro hauek dira iraileko eskaintza osatzen dutenak: helduentzat, spininng, G.A.P eta pilates ikastaroak egongo dira, arratsaldez. Haurrentzat, berriz, igeriketan hasteko ikastaroak eskainiko dira.
Aurre-inskripzioa eta baldintzak
Aurrez izena emateko epea uztailaren 1etik 10era egongo da zabalik, Larrea kiroldegiko harreran edo www.amorebieta-etxano.euswebguneko Izen-emateak atalean. Eskainitako plazak baino pertsona gehiagok izena ematen badute, zozketa egingo da uztailaren 12an. Uztailaren 14an, plaza lortu duten pertsonen izen-abizenak argitaratuko dira iragarki-taulan. Udalak gogorarazi du pertsona bakoitzaren ardura izango dela zerrenda horretan agertzen den egiaztatzea. Udalak gaineratu duenez, epe hori igarotakoan, dokumenturik aurkeztu ez dutenek erreserba-eskubidea galduko dute.
Plaza hutsak itxaron-zerrendan daudenei esleituko zaizkie, zozketaren ordenaren arabera. Esleitutako plaza hutsen zerrenda uztailaren 26an argitaratuko da. Kasu horretan ere, interesdunei dagokie zerrenda horretan agertzen diren egiaztatzea eta berau berrestea, dagokion dokumentua aurkeztuta. Hori berresteko azken eguna uztailaren 27a izango da.
Ordainketa banku-helbideratzearen bidez egingo da, irailaren 7an. Izen-emate prozesua amaitutakoan plazaren bat hutsik geratzen bada, uztailaren 28tik aurrera egongo da eskuragarri. Interesatuek Larrea kiroldegiko harrerara joan beharko dute eta bertaratze-ordenaren arabera esleituko dira plazak.
Baja idatziz eman beharko da
Izen-ematea konfirmatu ondoren baja hartu nahi dutenek idatziz egin beharko dute, eta eskaera Udalaren HAZn, egoitza elektronikoan edo Zelaieta zentroan erregistratu beharko dute.