Arreta zerbitzua irailaren 30era arte izango da martxan, 747 485 126 telefonoan.
Amorebieta-Etxanoko Udalak antolatuta, aholkularitza, informazioa eta arretarako zerbitzua eskainiko du uda osoan zehar telefono bidez, Emaginen bitartez. Arreta zerbitzua irailaren 30era arte izango da martxan, eta beharra duen herritarrak 747 485 126 telefonora deitu ahal izango du astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara.
Telefono honen helburuetako bat da informazio gune izatea. Hala, indarkeria matxistaren inguruan informatu nahi duen herritar orok aukera izango du. Bertan, Emakume*, neska+ gazte zein LGTBI+fobia pairatu dezaketen pertsonek euren bizipenak eta iritziak adierazteko aukera izango dute. Eta era berean, eraso horien gaineko informazio eta hauei aurre egiteko tresnen berri izango dute.
Horrez gain, telefono bidezko zerbitzu honen bitartez arreta emozionala eta bide laguntza ere eskainiko da, eta erasoa jasan dutenei egoerari aurre egiteko aukeren gaineko informazio egokia eta aholkularitza eskainiko zaie.
Azkenik, edozein intentsitateko eraso matxistak identifikatzen laguntzeko tresna ere izango da telefono zenbaki hau, eta horren aurrean erasoa jasan duen pertsona beste zerbitzu batzuetara bideratu ahal izango da, egoerari aurre egiteko baliabideak eskainiz. Eta egoerak hala eskatzen duenean, erantzun soziala aktibatzeko kudeaketa ere eskaintzen da.
Erabilgarri 24 orduz jai egunetan
Bestalde, Udalak gogorarazi du Karmenak eta Santanatxu jaietan telefonoa erabilgarri egongo dela 24 orduz, hala nola, uztailaren 14ean, 15ean, 16an, 21ean, 22an, 24an eta 27an.