Igandean jokatuko da Zornotzako Nazioarteko Krosaren 68. edizioa, munduko krosaren maila goreneko zirkuituan mantentzen dena

Jauregibarriako zelaietan maila guztietako lasterketak jokatuko dira. Emakumezkoen nazioarteko proba absolutua 12:15ean izango da eta gizonezkoena 12:50ean.

Zornotzako Nazioarteko Krosaren 68. edizioa igande honetan, urriak 23, jokatuko da Jauregibarriako zelaietan. Gaur, Amorebieta-Etxanoko Udaletxean egindako prentsaurrekoan, Andoni Agirrebeitia alkateak eta Zornotza Kirol Elkarteko Juan José Andérezek edizio berriaren xehetasun guztiak eman dituzte. Bigarren urtez jarraian, zirkuitua Urrezko kategoria gorenean sartu du Nazioarteko Atletismo Federazioak, World Athletics, eta, beraz, urria mantendu du ospakizun-data gisa. Zornotza Kirol Elkarteak antolatzen du proba eta Amorebieta-Etxanoko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak babesten dute.

Agirrebeitiak azpimarratu duenez, Amorebieta-Etxanorentzat garrantzitsua da mundu mailako aitortza duen krosa izaten jarraitzea: “aurten lehiaketa honen 68. edizioa jokatuko da eta horrek erakusten du gure udalerriak ia zazpi hamarkada daramatzala atletismoa sustatzen. Kirolarekin oso lotuta dagoen udalerri batean bizi gara, eta, bertan, kirola eta honen praktika sustatzea herritarren, kluben edo Udala bezalako erakundeen egunerokotasunaren parte dira. Lan horren erakusle da, bigarren urtez jarraian, Zornotzako Nazioarteko Krosa krosaren modalitateko munduko elitean dagoela berriro, World Athleticsen aintzat hartzeari esker».

Maila gorena
Juan Jose Anderezek gogorarazi duenez, iaz, World Athletics (lehen IAAF) Nazioarteko Atletismo Federazioak munduko kross proba nagusien egutegia aldatu zuen: “horrela, zirkuitua hiru kategoriatan banatu zuen: Urrea (Gold), Zilarra (Silver) eta Brontzea (Bronze).2021ean, Zornotzako Nazioarteko Krosa maila gorenean sartu zen (Urrea, Gold), eta aurten, 2022an, munduko kros proben zirkuiturik gorenean egongo da baita ere. Lehenago kategoria horretan egon zen 1991 eta 2002 urteetan. Horrela, Zornotza Krosa egutegian agertzen den Bizkaiko atletismo proba bakarra dela azpimarratu du Anderezek”.

Gainera, Anderezek azaldu duenez, World Athleticsek diseinatutako kross zirkuitu honek bi sari gehigarri ematen ditu, denboraldia amaitutakoan banatzen direnak: denboraldiko korrikalari onenak dirutan saritzen ditu eta Wild Cards saria ematen die, Munduko Kros Txapelketan parte hartu ahal izateko.

Kategoria guztiak
Zornotzako Nazioarteko Krosari dagokionez, Anderezek adierazi du kategoria guztietarako lasterketak egingo direla: alebinetik (22 urtez azpikoak) hasi eta absoluturaino, emakumezkoetan zein gizonezkoetan. Gainera, lasterketa misto herrikoia eta desgaitasuna duten atletentzako lasterketa bat ere egingo dira.

Nazioarteko proba absolutuak bi ordutegitan jokatuko dira: emakumezkoen proba 12:15ean hasiko da eta gizonezkoena 12:50ean. Biak zuzenean emango ditu Euskal Telebistak eta Internet bidez La Liga Sports TV kateak. Gainera, RTVEko kirol kate tematikoak, Teledeportek, proba absolutuak emango ditu diferituan, astean zehar hainbat emisio eginez.

Azkenik, Anderezek gaineratu du Zornotzako Nazioarteko Krosaren aurtengo edizioa sailkapen-proba bat izango dela: “proba honetan erabakiko da zein euskal klub joango diren azaroaren 13an Atapuercan jokatuko den Kluben Arteko Espainiako Kros Txapelketara, 16 urtez azpikoetan, 18 urtez azpikoetan, 20 urtez azpikoetan, 23 urtez azpikoetan eta absolutuetan”.