Haizetara bueltan da osasun egoerara egokituta

Amorebieta-Etxano, 2021eko ekainaren 1an, asteartea. Iaz formatu digitalean egindako edizioaren ostean, Haizetara, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Kultura Sailak antolatutako kaleko banden nazioarteko jaialdiak, kaleko musikarik onena ekarriko du berriz ere. Hori bai, “modu ezberdinean” egingo du eta Covidetik eratorritako osasun neurrietara egokituta.

Oraindik bizi dugun osasun-egoeraren ondorioz, ez da banden nazioarteko lehiaketa egingo eta, halakorik ezean, barne-formatu baten alde egingo da, non taldeek eta bertaratutakoek kaleko musikarik onenaz modu lasai eta seguruan gozatu ahal izango duten.

Hala, ekainaren 24, 25, 26 eta 27an, Zornotza Aretoak, Amorebieta IV Frontoiak eta Zelaieta Zentroko kontzertu-gelak kontzertu mordoa hartuko dute, aldatzen ez den leitmotiv musikalarekin: fanfarriak, bandak eta kaleko musika.

Sarrera doakoa izango da, baina ekainaren 1etik 10era eman beharko da izena, aurrez aurre Zelaieta Zentroan Ametx Txartelarekin, astelehenetik ostiralera, 08:30etik 20: 30era edo 946300650 telefono zenbakira deituz. Gehienez 4 sarrera txartel bakoitzeko. Ekainaren 11n, sarrerak zozketatuko dira izena eman duten pertsonen artean eta horiek aurrez aurre jaso beharko dira Ametx Txartelarekin, ekainaren 14tik 18ra bitartean, Zelaieta Zentroan.

Programazioa eta taldeak

Zornotza Aretoan Satisfackshow (ekainak 25, 16:30/20:00), Balkan Paradise (ekainak 26, 12:30/20:00) eta Wonder Brass (ekainak 27, 12:30/20:00) taldeen zuzenekoak izango dira.

Amorebieta IV Frontoiak, bestalde, Radio Kaizman (ekainak 25, 16:30/20:00), Artistas del Gremio (ekainak 26, 12:30/20:00) eta Brass Corp (ekainak 27, 12:30/20:00) taldeen kontzertuak hartuko ditu.

Azkenik, Zelaieta Zentroko kontzertu-gelak klarinete bidezko jazzaren historiaren atzera begirakoa eskainiko du (ekainak 24, 19:00). Ekainaren 25ean, 19:00etan, Botxo Boogies taldearen swing eta bluesaren txanda izango da eta Sagi Quintet eta bere hard-bop jazza ekainaren 26an, ordu berean.

Nabarmendu behar da aurten ere publikoaren esku egongo dela talde bat aukeratzea, nahiz eta Haizetararen edizio hau lehiaketa bat ez izan eta sari banaketarik ez egon. Hautaketa online egingo da, eta haizetara.eus webgunean egongo da eskuragarri ekainaren 25etik 27ra botoa eman ahal izateko.

Erakusketa

Mota, sektore eta adin guztietako pertsonek parte hartzen dute Haizetara jaialdian. Haizetara 2021 jaialdian horiek guztiek presente egon daitezen eta euren lana eta esker ona eskertzeko, ekainaren 24tik uztailaren 11ra bitartean, Herriko Plazan, Alex eta Jesus De Pedro argazkilarien “Haizetara Gu Gara!” argazki erakusketa izango da ikusgai. Bertan, nolabait, eskerrak emango zaizkie programan parte hartu duten pertsona guztiei, zornotzar guztien izenean.

Programazio oso hemen ikusi daiteke.