Gabonak adin guztietarako jarduerekin iritsiko dira Amorebieta-Etxanora

Olentzero eta Maridomingi, eta Errege Magoen bisitaz gain, ez dira faltako musika emanaldiak, antzerkia, ipuin kontaketak eta kirol jarduerak.

Amorebieta-Etxanoko Udalak hainbat eragilerekin eta elkarterekin batera hainbat jarduera antolatu ditu Gabonei begira. Horrela, argiak piztu ondoren, adin eta gustu guztietako zornotzarrek Eguberriez gozatzeko aukera izango dute jarduera ezberdinekin: musika-emanaldiak, antzezlanak, aurkezpenak, umeentzako ikuskizunak, kirol-ekitaldiak, erakusketak…

Magiaz betetako egunak
Gabonetako bi egun berezienak Olentzero eta Mari Domingi, eta Errege Magoen etorrerarekin daude erlazionatuta. Abenduaren 24an, Udaberri Dantza Taldeak antolatuta, Olentzeroren eta Maridomingiren presentziaz gozatzeko aukera izango dute zornotzar txikienek. Amorebieta-Etxanora 18:00ak aldera iritsiko dira Gudari kaletik eta Herriko Plazan amaituko dute ibilbidea. Errege egunaren bezperan, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Kabalgatako desfilean izango dira. Horrela, paje gisa parte hartu nahi duten 9 urtetik gorako gaztetxoek aldez aurretik eman beharko dute izena Gazte Informazio Bulegoan.

Haur, gazte eta familientzako jarduerak
Egun hauetan ere ez da haur, gazte eta familia zornotzarrentzako jarduerarik faltako. Abenduan hainbat antzezlan izango dira, hala nola: hilaren 28an, ‘Enperadorearen kondaira’; eta 29an, ‘Grand Mamut, Paleolitoko izakiak’. Ipuin kontaketak ere izango dira: ‘Mari Domingiren ipuinak’, 16an, eta ‘Su Txikitan’ saio berri bat, Olaia Hormaetxeren eskutik. Eta nola ez, ikuskizunak ere ez dira faltako: magia ‘Sentsazioak’ taldearen eskutik iritsiko da hilaren 26an eta familientzako dantzak bere lekua izango du 27an, ‘Nijoyome’ izenburupean.

Urtero bezala, GABONETAN JAI, Zornotzako Gabonetako parkea, Zelaietako Amorebieta IV frontoian izango da abenduaren 26tik 30era. Egun bakarreko sarrerak 4 euroko prezioa izango du, 4 eguneko bonuak 12 euro balioa eta 5 eguneko bonuak 15 eurokoa. Eta nola ez, txu-txu trenak ere Amorebieta-Etxanoko kaleak zeharkatuko ditu egun horietan; Gudari kaleko autobus geltokitik aterako da 11: 00-14: 00 eta 17:00-20:00 ordutegietan.

Era berean, hamar urtetik gorako gazteentzat jarduerak ere izango dira Gabonetan, abenduaren 26tik 30era eta urtarrilaren 2tik 5era, Zelaietako Kontzertu Aretoan; sarrera doakoa izango da. Ludoteka ere zabalik egongo da Gabonetan, ohiko ordutegian (arratsaldeetan, astelehenetik ostiralera).

Musika emanaldiak
Gabonak ere musika-emanaldien sinonimo izan ohi dira. Abenduaren 17an hiru emanaldi izango dira: Juravca elkartearen eskutik, Errumaniako haur komunitatearen Gabonetako topaketa izango da; Zornotzako Musika Bandak Zornotza Aretoan joko du, ‘Atzoko eta Gaurko klasikoak’ izenburupean; eta, azkenik, Karmelon, Aita Eliseoren omenezko kontzertua izango da. Bestalde, Anarik kontzertu akustikoa eskainiko du Zelaietako kontzertu-gelan abenduaren 22an. Eta, hurrengo egunean, Zubiaur Musika Eskolak Gabonetako ohiko kontzertua eskainiko du.

Kirol ekitaldiak
Gabonetako egitarauak hainbat kirol ekitaldi ere aurreikusten ditu: Lancero Classic kirol taldeak AIDAEren mesedetan antolatutako Rally Klasikoen zortzigarren edizioa; Extrem Zornotzak antolatutako Belatxiekietako igoera; 14 urtetik gorako gazteentzako futbol 7 txapelketa; Zornotza Mendi Taldearen Belatxikietako martxa; Herrenak Triatloi klubak antolatutako urte amaierako lasterketa tradizionala, San Silvestrea; eta ‘Pilota Pro Fest’ pilota partida profesionalak.

Erakusketak eta aurkezpenak
Amaitzeko, abenduaren 19an, Andres Espinosa “Bakarrik eta libre” komiki liburua aurkeztuko da, Ramon Olasagasti egilearen, Jabi Baralazarra Mendifilm jaialdiko zuzendariaren eta Cesar Llaguno marrazkilariaren eskutik. Halaber, bi erakusketa izango dira Zelaietan urtarrilaren 9ra arte: alde batetik, Bilboko Euskal Museoaren ‘Bilboko Euskal Museoa, Euskal Kulturaren Nazioarteko Atea’ erakusketa eta, bestetik, Euskararen Etxearen ‘Liburuaren arbola’ erakusketa.

 

Gabonetako egitaraua 2022.