“Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio” ekimenak Amorebieta-Etxanoren eraikuntzan parte hartu zuten emakume zornotzarrak omenduko ditu

Ekimenaren helburua da emakume zornotzarren testigantzaren bidez, Amorebieta-Etxanoko historia ezagutzea 1940tik gaur egun arte.

Udalak postal bat bidaliko du Amorebieta-Etxanoko etxe guztietara, eta hori izango da komunikazio-bidea: “irudi batez gain, postalak mezu bat ere badu, hartzailearen pentsamenduan sakontzeko helburuarekin; eta baita espazio zuri bat ere, bere bizipenak idazteko tarte bat”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak udalerriaren eraikuntzan parte hartu zuten emakume zornotzar guztien lana omendu eta aitortu nahi du, hala azaldu du gaur prentsaurrekoan Ainhoa Salterain Gandariasek, Berdintasun eta Gizarte Ekintza zinegotziak: “Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio’ lelopean, 1940tik gaur egun arteko Amorebieta-Etxanoko historia plazaratu nahi dugu, emakume zornotzarrek kontatutakoa aldarrikatu eta ezagutarazi nahi dugu. Haien istorioak eta bizipenak entzun eta ezagutu nahi ditugu, bai hemen bizi ziren emakumeenak, bai Amorebieta-Etxanora egoera ezberdinen ondorioz iritsi zirenenak ere”. Salterainek gogorarazi duenez, azken urteetan bizi izan dugun garai nahasi honek, mundu mailako pandemia eta Ukrainako guda medio, gure auzokide zornotzarrek urte batzuk lehenago bizi izan zituzten sentimenduak berreskuratzea eragin du: “Amorebieta-Etxanok udalerri solidarioa, abegitsua eta hurbila dela erakutsi du. Hala ikusi da azken hilabeteotan izandako jarreran eta duela hamarkada batzuk erakutsitakoan, lurraldeko beste leku batzuetatik iritsitako emakume eta familiekin izandako harrerarekin”.

Mezua duen postala
Horrela, eta ekimen honen parte gisa, Salterainek azaldu du datorren asteartetik aurrera zornotzarrek postal bat jasoko dutela etxean, entzutea helburu izango duen mezu batekin: “alde batean, postal guztiek bezala, irudi bat izango du, iragana eta oraina uztartzen dituen Amorebieta-Etxanorena. Eta beste aldean, Udalak idatzitako mezua izango du, hartzailearen pentsamenduan, oroitzapenean edo sentipenean sakontzea helburu duena. Emakumeek kontatutako Amorebieta-Etxanoko historia ezagutu nahi dugu: 40ko hamarkadatik aurrera zer gertatu zen, zornotzarrek nola bizi izan zuten beste emakume batzuen etorrera gure udalerrira, zer suposatu zuen haientzat eta herriarentzat; Amorebieta-Etxanora iritsi ziren emakumeen berri ere izan nahi dugu, iritsi zirenean zer aurkitu zutena ezagutu, nolakoa zen haien bizitza?” Salterainek azpimarratu du ‘Emakume aitzindariak. Hamaika emakume, hamaika istorio’ ekimenaren helburua ez dela Amorebieta-Etxanoko Memoria Historikoa jasotzea: “Amorebieta-Etxanoko testigantzak ezagutu nahi ditugu emakume zornotzarren ahotik”.

Mezua duen postala

Horrela, Berdintasuneko eta Gizarte Ekintzako zinegotziak ohitura hori berreskuratzeko deia egin die emakume zornotzarrei, eta bide batez, postalean aurkituko duten zuriunea beren bizipenekin betetzekoa: “postal guztiak Amorebieta-Etxanoko Udalari zuzenduta daude. Beste aldean egongo gara, zuek ezagutzeko, Amorebieta-Etxanoko eraikuntzan egiten duzuen lanaren berri izateko eta gure izaera berresteko. Zuen testigantzekin, oroitzapenekin, sentipenekin, desioekin eta bizipenekin gure udalerriaren erretratu komuna marraztu ahal izango dugu. Postal hori izango da gure komunikazio-bidea, eta, bide batez, berreskuratu egingo dugu ziurrenik zuen hurbileko pertsonekin komunikatzeko askotan erabili zenuten euskarri hau”.

Herritarren parte-hartzea sustatzeko asmoz, Salterainek iragarri du Udalean jasotako postal guztien artean hiru sarituko dituela: “zornotzar guztiak ekimenean parte hartzera animatu nahi ditugu, eta esker on gisa, hiru postal saritu nahi ditugu, duela hamarkada batzuetako Amorebieta-Etxano gogora ekarriko diguten hiru mezu. Sariak hiru Amorebono izango dira, 500 euroko balioarekin”.

Dokumental eta erakusketa bat
Behin postal guztiak irakurrita, informazioa bilduta eta Udalak duen dokumentazioarekin, datorren martxoan erakusketa bat egingo da: “erakusketa martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Egunean, estreinatuko da eta bertan ekimen honen bidez jasotako kontakizun eta bizipenen zati bat erakutsiko dugu”.

Halaber, Salterainek aurreratu duenez, emakume horien testigantzetan oinarritutako dokumental bat ere grabatuko dute: “urtebete barru estreinatuko da, 2023ko azaroaren 11n, eta postalen bidez jasoko ditugun istorioak eta testigantzak bilduko ditu. Dokumental hau iraganeko Amorebieta-Etxanoren isla izango da emakumearen ikuspegitik, eta era berean, etorkizuneko Amorebieta-Etxanoko ideia bat osatzen lagunduko digu”.