Egun historikoa bizitu du gaur Amorebieta-Etxanok Frantziako Tourraren hirugarren etaparen irteerarekin

Egun handia bizitzen ari da gaur Amorebieta-Etxano Tourraren hirugarren etaparen irteerarekin. Giro aparta lagun, munduko txirrindulari onenetakoak tropelan pasatzen ikusi ahal izan dituzte zornotzarrek eta bertaratutako bisitariek; era berean, lasterketa igaro aurreko publizitate karabanaz gozatzeko aukera ere izan dute!

Ainhoa Salterain alkateak azpimarratu du: “gaurkoa aukera paregabea izan da milioika pertsonek Amorebieta-Etxano mapan kokatzeko. 20.000 biztanle inguruko herria izanik, munduko kirol ekitaldi ospetsuenetako baten abiapuntua izateko pribilegioa izan dugu. Ohorea da lehiaketa honen parte bihurtzea, mundu osoko txirrindulari talentudunak gurean izatea. Ekitaldi hau aukera ezin hobea izan da munduari gure lurraren aberastasuna erakusteko, turismoa indartzeko, gure kultur ondarea sustatzeko eta gure tokiko ekonomiari bultzada bat emateko”.

Festa gainera ordu luzez luzatuko da, arratsaldean Zea Mays edota Bulegoren kontzertuak izango baitira, beste hainbat ekintzekin batera.