Tailerra martxoaren 6an izango da, astelehenean, eta 65 urtetik gorako zornotzarrei dago zuzendua bereziki.
Zelaieta Zentroko sarreran ‘Mercedes, bakardade ikusezina’ erakusketa dago ikusgai asteazkenetik. BBK Fundazioak sustatuta, erakusketak helburu du gizarteari arazo sozial hau ikusaraztea eta kontzientzia sortzea; martxoaren 31ra arte bisitatu ahal izango da.
Halaber, erakusketaren baitan, Amorebieta-Etxanoko Udaleko Gizarte Ekintza Sailak, Nagusi Aretoaren bitartez, ‘Bakardadeari ahotsa ematen’ tailerra antolatu du. Datorren astelehenean izango da, martxoak 6, 09:30etik 11:30era, eta 65 urtetik gorako zornotzarrei zuzenduta dago batez ere.
Tailerrak bakardadeari buruzko hausnarketarako topagune izan nahi du. Zelaieta Zentroan hasiko da, eta parte-hartzaileek Ruben Orozcok egindako Bilboko emakume baten eskultura hiperrealistaren erakusketa ikusiko dute. Helburua izango da bakardadeari buruzko eskulturak bertan bildutakoen artean pizten dituen iritziak eta sentimenduak biltzea, eta bertaratutakoen arteko elkarrizketa bultzatzea.
Tailerreko parte-hartzaileek idatzitako ekarpenekin mural bat sortuko da, martxoan Nagusi Aretoan ikusgai egongo dena. Gainera, bertan, hala nahi duten pertsona guztiek, bakardadeari buruzko gogoetak idatzi eta gehitu ahal izango dituzte.