‘Andres Espinosa: Bakarrik eta Libre’ liburua aurkeztuko dute astelehenean Zelaieta aretoan

Liburuak mendizale zornotzarraren ibilbidea kontatzen du bereziki, komiki formatuan; euskal mendizaletasunak ere badu tartea obra honetan. 19:00etan izango da.

Sua Edizioak eta Mendifilmen komiki berria, mendizaletasunari buruzkoa, eskuragarri dago jada: ‘Andres Espinosa: Bakarrik eta Libre’. Datorren astelehenean, abenduak 19, arratsaldeko 19:00etan aurkeztuko da Zelaietako auditorioan, Ramon Olasagasti egilearen, Cesar Llaguno ilustratzailearen eta Jabi Baraizarra (Mendifilm) eta Argiñe Areitio (Sua Edizioak) zuzendarien eskutik. Halaber, Andres Espinosa mendizale zornotzarrarekin erlazioa izan zuten hainbat pertsona ere izango dira aurkezpen ekitaldian.

Luciano Martinezek, Kultura eta Kirol zinegotziak, komiki honen argitalpenaren garrantzia azpimarratu du, Espinosari eta bere lorpen ugariei aitortza bat egiten dietelako. Era berean, mendizale zornotzarrak eta herritarrak orokorrean gonbidatu ditu asteleheneko aurkezpen ekitaldira, Andres Espinosaren ibilbidea hurbilagotik ezagutu ahal izateko.

Euskal mendizaletasunaren aitzindaria
Andres Espinosak (Amorebieta-Etxano 1903-1985) balentria handiak lortu zituen euskal mendizaletasunak lehen urratsak ematen zituen bitartean. Nahiz eta bere ibilbidea euskal mendietan hasi, bere lorpen handienak gure lurraldetik kanpo izan ziren, hala nola: Urriellu tontorra sokarik gabe eskalatzea, Mulhacen, Veleta eta Teide bakarrik igotzea, Mont Blanc eta Cervino gailurrak bakarrik igotzen lehena izatea, Afrika zeharkatzea Kilimanjaro igotzeko edo Himalaiaraino bidaiatzea gailur berrien bila.

Hirugarren komikia
‘Andres Espinosa: Bakarrik eta Libre’ lana Sua Edizioak eta Mendifilm Festivalek mendiari buruz argitaratutako komiki sorta baten hirugarrena da. Aurretik, beste bi komiki ere argitaratu dira: ‘Everest, Herri bat gailurrean’ eta ‘Iñurrategi anaiak, Mendiari bihotza emanak’.