Pertsona bakoitzak 11 bonu eskuratu ahal izango ditu guztira, 5 lehen sektorean erosketak egiteko eta 6 gainerako negozioetarako.
2023 kanpainak 160.000 euroko aurrekontua izango du, salmentak areagotu eta komertzioa biziberritzeko helburuarekin.
Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Amorebono 2023’ kanpainaren bosgarren edizioa aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, Dendariak eta Iraunkorrekin batera. Andoni Agirrebeitia alkateak azaldu duen moduan, egonkortua dagoen ekimena da hau: “horren erakusgarri da bosgarren edizio hau. Instituzio gisa, gure betebeharra da Amorebieta-Etxanoko tokiko merkataritzan kontsumoa sustatzea. Amorebono kanpainak oso harrera ona izan du urte hauetan, bai zornotzarren artean eta baita merkatarien artean ere. Gure konpromisoak tinko jarraitzen du eta 2023an ere 160.000 euro bideratuko ditugu salmentak areagotu eta komertzioa biziberritzeko helburuarekin”.
Estibalitz Martiartuk, Ekonomia Sustapen eta Enplegu zinegotziak, gaineratu du ekimen honek helburu duela, baita ere, herritarrak kontzientziatzea, komunitatea sortzea eta erosketa esperientzia pertsonalizatuagoa izatea: “edizio berri honek ere herritarren eta merkatarien onarpenena izatea espero dugu, erantzun ona edukitzea. Tokiko negozioak gure nortasunaren adierazgarri dira, gure konfiantza-puntua. Hemendik zornotzarrak eta, oro har, herritarrak animatu nahi ditut Amorebonoak erostera eta erabiltzera, eurentzat aurrezpena suposatzen baitute eta sektorearentzat bultzada bat. Azpimarratu nahi dut horrelako ekimenak babesteak gure tokiko merkataritza indartsua izatea ahalbidetzen duela, eta Amorebieta-Etxano udalerri bizia”.
32.000 bonu, 11 pertsona bakoitzeko
Kanpainari dagokionez, Martiartuk azaldu du 2023ko ekainaren 1ean abiatuko dela eta abenduaren 15era arte luzatuko dela: “guztira 32.000 bonu jarriko dira zirkulazioan eta pertsona bakoitzak 11 eskuratu ahal izango ditu: bost lehengo sektorera bideratuta eta sei gainerako negozioetan erosketak egiteko. Bonu bakoitzak 15 euroko kostua izango du eta 20 euroko balioa”.
Era berean, zinegotzi zornotzarrak gogorarazi du bonuak Amorebieta-Etxanoko Udalaren kutxazain automatikoetan eta Zelaieta Zentroan eskuratu ahal izango direla: “horiek lortzeko NAN elektronikoa eduki beharko da edo BAKQ sistema aktibatua izan (Udalean HAZn aktibatu daiteke). Laguntza behar dutenek Udalaren HAZera jo ahal izango dute 07:30-15:00 ordutegian”.
Azkenik, eta erabilerari dagokionez, Martiartuk azaldu du behin eskuratuta, Amorebonoek 2 hilabeteko balioa izango dutela: “horrela, epe horretan trukatzen ez diren bonu guztiak zirkulazioan izango dira berriz ere, modu progresiboan”.
Izen ematea zabalik apiriletik aurrera
Bestalde, Amorebono kanpainan parte hartu nahi duten negozioek zabalik izango dute izena emateko epea apirilaren 17tik aurrera. Hala, deialdiarekin bat doan izen emate orriarekin batera, HAZen entregatu beharko dituzte Gizarte Segurantzako ordainketetan egunean izatearen ziurtagiria eta IFZ/IFK.