Amorebieta-Etxanoko Udalak ‘Amorebono 2022’ kanpaina aurkeztu du gaur prentsaurrekoan, beste urtebetez tokiko merkataritzaren alde egiten dihardun apustua berretsiz. Estibalitz Martiartuk, Ekonomia Sustapena eta Enplegu zinegotziak eman ditu xehetasun guztiak, kanpainaren garrantzia azaldu ostean: «gure betebeharra da kontsumoa udalerriko komertzioetara bideratzea, eta bide horretan dugun konpromisoa berretsi nahi dut. Amorebono kanpainaren 4. edizioa da aurtengoa, eta aurreko edizioen arrakasta ikusita, saltokien eta herritarren artean izango duen onarpenean konfiantza osoa daukagu».
Era berean, Estibalitz Martiartuk azpimarratu du horrelako ekimenak ezinbestekoak direla sektoreari laguntzeko: «tokiko merkataritza gure udalerriaren nortasunaren parte da, erosketak egiteko orduan gure konfiantza-puntua dira. Gainera, herri bizi batek beti du merkataritza fuerte bat oinarri. Azken urteak zailak izan dira sektorearentzat, bai pandemiak utzitako ondorioengatik, eta baita gaur egun bizi dugun inflazioagatik ere. Horregatik, zornotzarrak direnak eta ez direnak, oro har, bonu horiek erostera eta erabiltzera animatu nahi ditugu, haientzat aurrezteko modu bat izango baita eta era berean bultzada handia tokiko merkataritza-sektorearentzat».
Ordaindu 15 euro eta gastatu 20 euro
‘Amorebono 2022’ kanpaina ekainaren 1etik abenduaren 15era egongo da indarrean. Amorebieta-Etxanoko Udalak 160.000 euroko inbertsioa egingo du, 32.000 bonu jarriko ditu zirkulazioan. Horrela, pertsona bakoitzak 11 bonu erosi ahal izango ditu, horietako bost lehen sektoreko erosketetarako eta beste sei gainerako negozioetarako. Bono bakoitzak 15 euroko kostua izango du eta 20 euroko balioa: hau da, ‘ordaindu 15 eta gastatu 20’.
Bonuak eskuragarri egongo dira Amorebieta-Etxanoko Udaleko eta Zelaieta Zentroko kutxazain automatikoetan. Bertan eskuratu ahal izateko beharrezkoa izango da NAN elektronikoa izatea edo BAKQ sistema aktibatua izatea (udaletxeko HAZen eskuratu daiteke BAKQa). Era berean, laguntza behar duen edonork HAZen eska dezake, 07:30-15:00 ordutegian.