Amorebieta-Etxanoko Udalaren Adierazpen Instituzionala azken egunetan herrian izandako hiru eraso matxistak gaitzesteko

Amorebieta-Etxanoko Udalak Adierazpen Instituzionala onartu du gaur azken egunetan Amorebieta-Etxanon izandako hiru eraso matxistak irmoki gaitzesteko. Era berean, biktimekiko, eta haien familiekiko eta ingurukoekiko babesa eta hurbiltasuna adierazi du adierazpenean.

Azpimarratu nahi dugu indarkeria matxista Giza Eskubideen urraketa larria dela, eta lehen mailako arazo soziala, indarkeria pairatzen eta aurre egiten dieten emakumeen eta LGTBI+ pertsonen duintasunari eta osotasun fisiko eta moralari eraso egiten diena. Indarkeria hori ez da ekintza isolatu bat, gure gizartea egituratzen duten jokabide esplizituen, mezu normalizatuen eta sinbolikoen sare bat baizik, emakumeek gizonekiko duten mendekotasunari eusteko eta indarrean dagoen sistema heteropatriarkalak ezarritako mugak urratzen dituen gorputz, eredu edota portaerarik ez izateko.

Ildo horretan, Amorebieta-Etxanoko Udalak, emakumeen eta LGTBI+ pertsonen giza eskubideak egikaritzeko modu eraginkorra bermatzeaz arduratzen den erakunde publikoa den aldetik, honako neurriak bultzatzen jarraituko du, udal-erakundeek eta, oro har, herritarrek edozein eraso matxistari berehala eta irmoki erantzun diezaioten: lehenengo, biktima lehentasunez artatzea; ondoren, prebentzio-jarduerak garatzea, emakumeek eta LGTBI+ pertsonek indarkeriari aurre egiteko eta erasotzaileen zigorgabetasun soziala ez ahalbidetzeko tresnak izan ditzaten. Horrez gain, Udalak konpromisoa hartzen du bere eskumenak erabiltzen jarraitzeko, indarkeria matxistarik gabeko bizitzak bermatzeko.

Korporazio gisa, gure konpromisoa berretsi nahi dugu pertsonen bizitzaren, askatasunaren, duintasunaren eta herritartasun osoaren aurkako indarkeria-mota guztiak desagerrarazteko. Indarkeria matxista eta homofoboa emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren adierazpenik bortitzena da, beraz, beste behin ere indarkeria mota ororen aurkako gaitzespena adierazi nahi dugu.

Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du elkarte feministek deitutako gaitzespen-ekitaldiekin, eta dei egiten diegu herritarrei egingo diren bi kontzentrazioetan parte hartzera eta babesa ematera, pertsona guztien aurkako erasoak gaitzesteko: gaur astelehena, arratsaldeko 19:00etan Billiken parean, eta bihar asteartea, 12:00etan, Herriko Plazan.

Amorebieta-Etxanon, 2023ko ekainaren 12an