Amorebieta-Etxanoko Udalak Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko obra esleitu du

Betarraganen kokatuta, kirola egiteko eta estalpeko jardueretarako erreferentziazko zentroa izango da. Proiektua Amorebieta-Etxanoko kirol kluben eta elkarteen laguntzarekin burutu da.

Anartz Gandiaga, Hirigintza zinegotzia: “etorkizuneko kirol-instalazioak zabalak, modernoak eta iraunkorrak izango dira, eta estalpeko aisialdiko ekitaldiak egiteko ere erabili ahal izango dira”.

Amorebieta-Etxanoko Udalak Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko obra esleitu du. Kirol-instalazio berria Betarraganen egongo da, eta erreferentziazko zentroa izango da kirola eta estalpeko jarduerak egiteko, Amorebieta-Etxanoko ikastetxeetako ikasleentzat, eta klubetako eta elkarteetako kideentzat. Izan ere, Anartz Gandiaga Hirigintzako zinegotziak gogorarazi duen moduan, haien guztien lankidetza sakonarekin gauzatu da proiektua. Horrela, Amorebieta-Etxanok kirol, kultura eta aisialdi-instalazioen eskaintza handituko du. Obra 6.504.503 euroko aurrekontuarekin esleitu da, eta gauzatzeko epea 20 hilabete ingurukoa izango da.

Erabilera anitzeko eraikina, iraunkorra
Urgozo kiroldegi berria Amorebieta-Etxanoko erdigunean kokatuko da. Arkitekto zornotzarrek diseinatua, funtzio anitzeko eraikin jasangarria izango da, eta eraginkortasun energetikoaren zerbitzura dagoen teknologiarik aurreratuena izango du. Gandiagak azaldu duenez, 2.200 lagunentzako lekua izango du gehienez, eta funtzio anitzeko gunea izango da: “instalazio berrietan kirol-jarduera ugari egin ahal izango dira, bai eta ekitaldi kultural eta sozioekonomikoak ere, hala nola, kontzertuak edo azokak”.

Instalazio zabalak eta aurreratuak
Era berean, Gandiagak azpimarratu du kiroldegi berriak, kirolaren ikuspegitik, erabiltzaileei instalazio zabalagoak, modernoagoak eta iraunkorragoak izateko aukera emango diela: “Urgozok 3.574 metro koadroko ekipamendua izango du, eta saskibaloi-kantxak, 1.000 pertsonatik gorako harmaila zabalak, balio anitzeko hainbat espazio, hamar aldagela eta hainbat biltegi izango ditu”.