Urteko lizitazioaren oinarrizko kanona 7.200 eurokoa da, BEZik gabe, eta lizitatzaileek kanon hori hobetu ahal izango dute.
Proposamenak aurkezteko epea 2023ko urtarrilaren 18ra arte egongo da zabalik. Zerbitzua eman ahal izateko kontratuaren iraupena 4 urtekoa izango da.
Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Zelaieta Zentroan dagoen kafetegiaren ustiapena. Pleguetan adierazten den bezala, lizitatzaileek 2023ko urtarrilaren 18ra arte aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak. Urteko lizitazioaren oinarrizko kanona 7.200 eurokoa izango da, ez dauka BEZik, eta lizitatzaileek zenbateko hori hobetu ahal izango dute. Era berean, kontratua hasteko aurreikusitako data 2023ko otsailaren 1a da. Horrela, zerbitzu-emakida kontratuaren iraupena 4 urtekoa izango da, kontratua sinatu eta hurrengo egun baliodunetik zenbatzen hasita.
Higiezina, instalazioak, altzariak eta tresneria
Amorebieta-Etxanoko Udalak emakidadunaren esku jarriko ditu Zelaieta Zentroan dauden kafetegi-instalazioak. Zerbitzugintzan aritzeko beharrezkoak diren altzariak eta instalazioak dauzka taberna zerbitzuak. Era berean, emakidadunak bere ondasunak erabili ahal izango ditu eta, kasu horretan, bere erantzukizuna izango da konponketa edo berritze kostua. Era berean, emakidadunaren erantzukizuna izango da edariak, elikagaiak eta, oro har, kafetegi-zerbitzua emateko beharrezko jotzen duen material suntsikorra erostea. Azkenik, eraikinaren kanpoko terrazarako altzariak ere emakidadunaren konturakoak izango dira eta, halakorik badago, kafetegiko dekorazio-elementuak eta altzari osagarriak, ontziteria, mahai-tresnak eta behar diren gainerako tresna eta material suntsikorrak ere bai.