Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko obra

Amaierako proiektua Amorebieta-Etxanoko kluben eta elkarteen laguntzarekin burutu du Udalak.
Anartz Gandiaga, Hirigintza zinegotzia: “etorkizuneko kirol-instalazioak zabalagoak, modernoagoak eta iraunkorragoak izango dira, eta gainera, estalpeko aisialdiko ekitaldiak egiteko erabili ahal izango dira.

Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera ditu Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko lanak. Etorkizuneko kirol-instalazioa Betarraganen egongo da eta Amorebieta-Etxanoko ikastetxeetako ikasle, klub eta elkarteentzat udalerrian kirola eta estalpeko jarduerak egiteko erreferentziazko zentro bat sortzea ekarriko du. Jarduera honen bidez, Udalak Amorebieta-Etxanoko kirol, kultura eta aisialdi-instalazioen eskaintza zabalduko du. Gainera, Anartz Gandiagak, Hirigintza zinegotziak azpimarratu duen moduan, proiektua garatzen gogoz lagundu dute Amorebieta-Etxanoko kirol klubek eta elkarteek. Obraren aurrekontua 6.500.000 euro ingurukoa izango da eta lanak 20 hilabetetan amaituta izatea aurreikusten du Udalak.

Funtzio anitzeko eraikina
Kiroldegi berria Amorebieta-Etxanoko erdigunean egongo da kokatua, arkitekto zornotzarrek diseinatu dute eta kiroldegi berria funtzio anitzeko eraikin jasangarria izango da. Izan ere, eraginkortasun energetikoaren zerbitzura dagoen teknologiarik aurreratuenaz hornitua egongo da. Anartz Gandiaga Hirigintza zinegotziak adierazi duenez, “instalazio berriek kirol-jarduera ugari hartuko dituzte, baita ekitaldi kultural eta sozio-ekonomikoak ere, hala nola, kontzertuak eta azokak, besteak beste”.

3.574 metro koadroko kiroldegia
Kirolaren ikuspegitik, Gandiagak azaldu duenez, Urgozok erabiltzaileei instalazio “zabalagoak, modernoagoak eta iraunkorragoak” izateko aukera emango die. Zentzu honetan, eraikiko den ekipamenduak 3.574 metro koadro izango ditu, eta saskibaloiko hainbat kantxa, 1.000 pertsona baino gehiagorentzako harmaila zabalak, hainbat espazio balioaniztun, bederatzi aldagela eta hainbat biltegi izango ditu.