Amorebieta-Etxanoko Udalak kontratazio eta autoenplegurako 2023ko laguntzak eskatzeko epea ireki du

Laguntza Amorebieta-Etxanon lantokia duten enpresa eta erakundeei dago zuzendua, baita udalerrian langabezian egon eta negozio bat irekitzea erabakitzen duten herriko ekintzaileei ere.

2022an Udalak 60.000 euroko partida bat bideratu zuen eta laguntza ekonomikoa eman zien 17 kontratazio egin zituzten enpresa eta erakundeei eta autoenplegurako 3 ekimeni.

Amorebieta-Etxanoko Udalak 2023ko deialdia ireki du enplegu sustapenerako, hau da, kontrataziorako eta autoenplegurako. Helburua da udalerrian lantokiak dituzten enpresa edo erakundeei ekonomikoki laguntzen jarraitzea, baldin eta zornotzar langabeak kontratatzen badituzte, behin-behineko kontratu bat mugagabe egiten badute edo lanaldia gutxienez %50ean luzatzen badute, langileen lan-baldintzak hobetuz. Era berean, nahia da Amorebieta-Etxanon enpresa-ekimen bat gauzatzen duten zornotzar langabeei laguntza ekonomikoa ematea. Pertsona eta erakunde onuradunek ezin izango dute administrazio, ente edo erakunde publikoen menpe egon, ezta haiekin sozietate loturarik izan; era berean ezin izango dira dirulaguntza publikoak eskuratzeko eskubidetik salbuetsita egon.

Pertsona eta erakunde interesdunek eskaera aurrez aurre egin dezakete HAZaren bidez (Herritarren Arreta Zerbitzua). 2023 honetarako aurreikusitako dirulaguntza 60.000 eurokoa izango da.

17 kontratazio eta  autoenplegurako 3 ekimen 2022an
Bestalde, Amorebieta-Etxanoko Udalak, Enplegu eta Ekonomia Sustapen Sailaren bitartez, 60.000 euro bideratuko zituen 2022an autoenplegu eta kontratazioak laguntzetara. Horrela, Amorebieta-Etxanoko enpresek edo erakundeek kontratazioengatik egindako 17 dirulaguntza eskaeretatik 16 onartu zituen. Enpresa-ekimenen kasuan, hiru eskatzaileek jaso zuten autoenplegurako laguntza.