KEAOk uztailean bota zuen atzera EH Bilduko bi zinegotzik aurkeztutako errekurtsoa; ondorioz, lanen hasiera apiriletik irailera atzeratu da.
Betarraganen dagoen kiroldegi berria kirola egiteko eta estalpeko jarduerak praktikatzeko erreferentziazko zentroa izango da. Proiektua Amorebieta-Etxanoko kluben eta elkarteen laguntzarekin burutu da.
Lanak 20 hilabeteko epean amaitua izatea espero da, eta honek Urgozo Kiroldegiak kirol-instalazio zabalak, modernoak eta iraunkorrak izatea ahalbidetuko du, eta aisialdi ekitaldiak eremu estalian burutzea.
Bost hilabete baino gehiagoko atzerapenaren ondoren, Amorebieta-Etxanoko Udalak gaur, asteazkena, hasi ditu Urgozo Kiroldegi berria eraikitzeko lanak. Betarraganen dagoen kirol-instalazio berria, zalantzarik gabe, erreferentziazko zentroa izango da kirola eta estalpeko jarduerak egiteko. Amorebieta-Etxanoko ikastetxeetako, klubetako eta elkarteetako ikasleei zuzenduta egongo da, proiektu osoa haien lankidetza estuarekin gauzatu baita. Obra 6.504.503 euroko aurrekontuarekin esleitu zen eta gauzatzeko epea 20 hilabete ingurukoa izango da. Amaitu ondoren, Amorebieta-Etxanok kirol, kultura eta aisialdiko instalazioen eskaintza handituko du.

Errekurtsoa, bertan behera
Amorebieta-Etxanoko Udalak joan den uztailean jaso zuen Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoaren (KEAO) ebazpena, Udaleko EH Bilduko bi zinegotzik aurkeztutako errekurtsoa erabat ezetsi zela jakinarazten zuena. Errekurtso horrek Urgozo kiroldegi berria eraikitzeko obra esleitzeko egintzaren aurka egitea zuen helburu, Plenoak onartutako erabakia hain zuzen ere. Amorebieta-Etxanoko Udalak beti balioetsi du Udalean egiten den udal kudeaketa (politikoa eta teknikoa), eta EH Bilduk aurkeztutako errekurtsoak “obrak hilabeteetan atzeratzeko bakarrik” balio izana azaldu dute.
Erreferentziako zentroa, funtzio anitzekoa eta iraunkorra
Urgozo Kiroldegi berria erreferentziazko zentroa izango da kirola eta estalpeko jarduerak egiteko; izan ere, 3.574 metro koadroko ekipamendua izango du, eta saskibaloi-kantxak, 1.000 pertsona baino gehiagorentzako harmaila zabalak, hainbat espazio balioaniztun, hamar aldagela eta hainbat biltegi izango ditu.
Betarraganen kokatua eta arkitekto zornotzarrek diseinatua, polikiroldegi berria funtzio anitzeko eraikin jasangarria izango da, eta eraginkortasun energetikoaren zerbitzura dagoen teknologiarik aurreratuena izango du. Gehienez 2.200 lagunentzako lekua izango du. Era berean, instalazio berrietan kirol-jarduera ugari egin ahal izango dira, bai eta ekitaldi kultural eta sozioekonomikoak ere, hala nola kontzertuak edo azokak.