Tourreko hirugarren etapa pantaila erraldoi batean ikusi edo Zea Mays eta Bulego taldeen kontzertuez gozatzeko aukera izango dute astelehenean zornotzarrek, besteak beste.
Ainhoa Salterain Amorebieta-Etxanoko alkateak azpimarratu du hau egun historikoa izango dela udalerriarentzat eta zornotzarrentzat: “Tourrak aukera emango digu munduari gure udalerria erakusteko, eta era berean, zornotzarrek egun errepikaezina biziko dugu”.
Amorebieta-Etxano horiz jantziko da uztailaren 3an. Atzera-kontua amaitu eta 2023ko Frantziako Tourreko karabana udalerri zornotzarrera iritsiko da hirugarren etapari irteera emateko. Ainhoa Salterain alkateak bere emozioa azaldu du egun handiaren aurrean, eta gogorarazi du aukera paregabea izango dela milioika pertsonak Amorebieta-Etxano mapan kokatzeko: “datorren astelehena benetan egun historikoa izango da gure udalerriarentzat, Frantziako Tourraren hirugarren etaparen abiapuntu izango baikara. Frantziako Tourra munduko kirol ekitaldi ospetsuenetako bat da. Ohorea eta pribilegioa da lehia honen parte izatea, mundu osoko txirrindulariak batzen baititu, talentudunak eta goi mailakoak guztiak. Gainera, aukera paregabea izango da gure udalerriarentzat, emozioz, erronkaz eta kirol-lorpenez beteriko jardunaldi baten abiapuntua izango garelako eta mundu osoko milioika pertsonaren arreta gureganatuko dugulako. Ekitaldi honek gure herriaren eta lurraldearen aberastasuna munduari erakusteko aukera emango digu, eta turismoa, gure kultur ondarea eta tokiko ekonomia indartzeko aukera paregabea izango da”.
Era berean, Salterainek azpimarratu du ekitaldiak nazioartean izango duen eraginaz haratago, uztailaren 3a egun bakarra eta historikoa izango dela zornotzarrentzat: «Amorebieta-Etxanoko herritar guztiak animatzen ditut ospakizunarekin bat egitera. Bete ditzagun gure kaleak gogoz eta alaitasunez, eman diezaiegun ongietorri beroa txirrindulariei, karabanari eta bisitariei, eta erakuts diezaiogun munduari Amorebieta-Etxanokoa izatearen harrotasuna. Egun historiko hau gure bihotzetan grabatuta geratzea nahi dut, harrotasun eta lorpen kolektibo gisa, Zornotzarra naiz, eta harro nago izaeraren parte bezala”.
Uztailak 3, hirugarren etaparen irteera
Hirugarren etaparen irteerari dagokionez, Salterainek gogorarazi du irteera neutralizatua 13:00etarako aurreikusita dagoela: “hala ere, publizitate-karabana lehenago aterako da, 11:00ak aldera, Nafarroa kaletik, eta horren ostean taldeen autobusak. Txirrindulariek autobusetatik jaitsi eta bizikletak hartuko dituzte sinaduren kontrolera joateko. Bertan speaker bat, musika eta ikuskizunak izango dira irteera ordura arte”. Era berean, alkateak adierazi du txirrindularien tropelak Amorebieta-Etxanon egingo duen ibilbidea honako hau izango dela: “Gure Kirolak ingurutik irtengo da, San Miguel kaletik igaroko da, Karmen kalera hartuko du, eta N-635 errepidera sartuko da N-634 errepiderako bidea hartzeko, Durangorako norabidean”.
Gainera, eta uztailaren 3a Amorebieta-Etxanora hurbiltzen diren zornotzar eta bisitarientzat festa eguna izan dadin, Udalak programazio berezia antolatu du herriko talde eta eragileekin batera: “jarduera ezberdinak batez ere bi agertokitan izango dira: goizean Zelaieta parkean eta arratsaldean Zubiondo plazan. Programazioa adin ezberdinetako herritarrei zuzenduta daude, izan ere, txikienentzako jarduerak, adin edo gustu guztientzako kontzertuak eta hirugarren etapa hau pantaila erraldoi batean ikusteko aukera egongo dira, besteak beste”.
- 11:30-13:30. Umeentzako ekintzak. Zelaieta parkean
- 11:30. Triki Piu Pand trikitilariak. Gernika plazan eta Zezilia Gallartzagoitian.
- 12:00. Udazken Txistu Taldea eta Udabarri dantza taldea Euskal Herria plazan, Luis Urrengoetxean eta Harrisonen
- 12:30etik aurrera. Amorebieta-Etxano Bayonne etapa ikusi ahal izateko pantaila eta txosna Sociedad Ciclista Amorebieta taldearen eskutik. Zelaieta parkean.
- 13:30. Zornotza Kantuz egitasmoa Elaia, Coral Zornotza, Andra Mari, Xuxurlariak eta Abeskimu herriko koroekin. Euskal Herria plazan, Luis Urrengoetxean eta Harrison tabernan.
- 16:00. Kaleko musika Urban Cross Music taldearekin. Zezilia Gallartzagoitian, Sabino Aranan eta Urbano Larruzean.
- 17:00-19:00. Umeentzako ekintzak. Zelaieta parkean.
- 17:00. Triki Piu Pand trikitilariak Euskal Herria Plazan, Luis Urrengoetxean eta Harrisonen.
- 17:00. Zornotzako Musika Bandaren emanaldia. Zezilia Gallartzagoitian, Sabino Aranan eta Urbano Larruzean.
- 18:30. Zea Mays eta Bulego taldeen kontzertuak eta txosnak Urgozo txirrindulari taldearen eta Sociedad Ciclista Amorebietaren eskutik. Zubiondo plazan.
Azkenik, Salterainek eskerrak eman nahi izan dizkie egun hau errealitate egiteko inplikatutako pertsona guztiei: “aukera hau baliatu nahi dut ekitaldi handi hau antolatzen parte hartzen duten pertsona guztiei eskerrak emateko, bai erakunde ezberdinei, bai teknikariei, Amorebieta-Etxanoko Udaleko langileei, bai Amorebieta-Etxanoko talde, klub, eragile eta boluntarioei. Zuen laguntza eta dedikazioa funtsezkoak izan dira Amorebieta-Etxano Frantziako Tourraren hirugarren etapako gertaera historiko honen anfitrioia izan dadin”.