Amorebieta-Etxanoko Udalak bi komun publiko instalatuko ditu Zubietako bidegorrian eta Gure Kirolak gunean

Udalak 187.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du eta behin kontratua sinatuta, hiru hilabeteko epean komunak instalatuta izatea aurreikusten du.

Amorebieta-Etxanoko Udalak bi komun publiko instalatuko ditu, autogarbitzaileak, udalerri zornotzarrean. Lehenengoa Gure Kirolak gunean jarriko da, hainbat kirol ekipamenduz osatutako gunea, hala nola, bolatokia, frontoiak eta patinatzeko instalazioak. Bigarren komuna Zubietako bidegorrian jarriko da,  Tolsan industrialde inguruan, ibaiaren ondoan dagoen eremu honek geroz eta erabiltzaile gehiago ditu Kondor industrialdearekin lotzen duen bidegorriaren ondorioz. Udalak, gutxi gorabehera, 187.000 euroko aurrekontua bideratuko du, eta behin kontratua sinatuta, hiru hilabeteko epean exekutatua izatea aurreikusten du.

Bi eredu
Komunak desberdinak izango dira bi eremuetan, bakoitzaren beharretara egokituko baitira. Alde batetik, Gure Kirolak inguruan erabilera mistoko komun publikoko kabina bat jarriko da, autogarbitzailea, eta kanpoko pixatokia ere izango du. Tolsan inguruan jarriko den garbiketa-kabina publikoak, aldiz, ez du kanpoko pixatokirik izango. Moduluek egitura tubularra izango dute, 1,80 metroko biraketa-erradioarekin eta 0,90 metroko sarbide-atearekin. Kanpoko pixatokia izango duen modulua 4120x2250x2490mm-koa izango da, eta kanpoko pixatokirik gabeko modulua 3520x2250x2490mm-koa.

Ezaugarriak
Komunen ezaugarriei dagokienez, espazioak funtzionatzeko eta erabiltzeko behar diren elementu guztiak izango ditu, eta mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo da. Horma, zoru eta sabaien estaldura kalitate goreneko altzairu herdoilgaitzezkoa izango da. Argi artifiziala 30×65 cm-ko bi argi-zuloren bidez piztuko da; eta espazioak larrialditarako argia izango du, atearen markoan kokatua, irteera errazteko. Eserlekua altzairu herdoilgaitzezkoa izango da, korianezko tapa finkoarekin; komunaren gaina garbitu egingo da automatikoki eta ondoren lehortu. Konketak iturri automatikoa izango du, eta ondoan aire beroko lehorgailu bat ere izango du, ezkutatuta, eta piktograma batekin bere posizioa adieraziko da. Era berean, ez dira faltako ispilu bat, komuneko papererako euskarri bat eta suaren aurkako babesa izango duen paperontzi bat, bandalismoaren aurkako itxitura-sistema izango duena. Gainera, komunak berogailua, erauzketa-aireztapena, esekigailua, eskuzko irteerarako segurtasun-botoia eta zorua garbitzeko botoia izango ditu.

Funtzionamendua
Kabinaren funtzionamendua erabat automatikoa izango da. Kanpoan dagoen argi berde baten bidez adieraziko da kabina libre dagoela. Sartzeko, erabiltzaileak kanpoan dagoen botoia sakatu beharko du, eta sartu ondoren, atea automatikoki blokeatuko da. Irteteko, erabiltzaileak atearen ondoan dagoen botoia sakatuko du. Atea desblokeatzeak zisterna deskargatzeko funtzioa aktibatuko du. Eta gela hutsik geratzen denean, kabinak bere burua garbitzeko prozesua gauzatuko du. Amaitutakoan, argi berdea aktibatuko da berriro, erabilgarri dagoela adierazteko.