Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin

Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du gaur, maiatzak 17, LGTBI fobiaren Aurkako Nazioarteko Egunarekin. Egun honen helburua da LGTBI pertsonen aurkako erasoak salatzea eta pertsona bakoitzaren errespetuan eta askatasunean oinarritutako gizarte justua, berdintasunezkoa eta askotarikoa aldarrikatzea.

Udalak gogorarazi du etengabeko borroken, kanpaina geldiezinen eta lan nekaezinaren ondoren, 2005ean aldarrikatu zela ofizialki LGTBIfobiaren Aurkako Nazioarteko Eguna. Hala, salatu du une horretatik aurrera, kolektiboek jasandako erasoen gorakada esponentziala izan dela eta Euskadin urtero bikoiztu egiten direla eraso horiek: “azaldutako salaketen eta erasoen gorakada horren arrazoia da, neurri batean, komunitatea nazkatuta dagoela sistematikoki jasandako indarkeriarekin. Era berean, kolektibo guztien sentsibilizazioa eta borroka medio, aski dela esaten jarraitzea ezinbestekoa da, sentitzeko eta identifikatzeko orduan modu hegemonikoan ezarrita dagoenari jarraitzen ez dioten pertsonek egunero jasaten baitute diskriminazio hori”.

Halaber, eta Berdinduren adierazpenarekin bat eginik, Udalak azaldu du asko direla indarkeria erabiltzeko moduak: “LGTBI pertsonek badakite hori, eta egunero pairatzen dute. Eusko Jaurlaritzak diskriminazioaren aurka borrokatzeko bultzatzen duen ERABEREAN sarearen azken txostenaren arabera, sexu-orientazioagatiko eta/edo generoagatiko erasoak gure gizartean ohikoena den bigarren diskriminazio-modua dira. Toki-mailan, IKUSGUNEk – Vitoria-Gasteizko LGTBIfobiaren aurkako Behatokiak – zehazten du jasotzen diren eraso gehienak transfobiarekin lotuta daudela, eta horien salaketak esponentzialki areagotu dira”.

Hala, balorean jarri du Berdinduk hainbat gizarte-eragilerekin egiten duen lana, bizi garen gizartea ikusarazi eta eraldatzeko helburuarekin, eraso horiek guztiak saihesteko nahiarekin: “Elkarteok, erakundeek  ta gizartearen alderdi konprometituenak gogor eta aktiboki lan egiten dugu LGTBI pertsonek aurre egin behar dieten oztopo erantsiak ezabatzeko. Hamarkadak dira Eusko Jaurlaritza, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren bitartez, edozein diskriminazio ezabatzen saiatzen ari dela; Berdindu zerbitzua horren erakusle da. Gaur maiatzaren 17a da. Eta gaur, urteko gainerako 364 egunetan egiten dugun bezala, gizarte hobea bultzatzeko eta sexu eta genero aniztasunarekiko gorrotoak eragindako erasoak salatzeko konpromisoa berresten dugu. LGTBIfobiarik gabeko gizarte baten alde!”.