Mugikortasuna Astearen harira antolatutako zazpi jarduerak Zelaieta Parkean izango dira 17:00etatik 20:00etara.
Amorebieta-Etxanoko Udala irmo agertu da herritarrak mugikortasun iraunkorraren inguruan kontzientziatzen eta sentsibilizatzen jarraitzearen aldeko apustuan, eta aurten ere bat egin du irailaren 16tik 22ra ospatuko den Europako Mugikortasunaren Astearekin.
Horrela, Udalak Mugikortasun Astean antolatutako jarduerak datorren ostegunean, irailak 21, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara egingo dira Zelaieta Parkean. Bertaratutakoek 4x4m-ko haima informatibo bat aurkituko dute, eta bertan Ondoan enpresako langileek Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022 Planaren eta arratsalde horretan egingo diren jardueren berri emango dute. Guztira zazpi jarduera izango dira:
- Txapak egiteko tailerra: publiko orokorrari zuzenduta, haurrek bizikleta-motiboekin txapak marraztu eta diseinatu ahal izango dituzte, guztiak mugikortasun iraunkorrarekin lotuta.
- Amorebieta Biziz marrazten: 4 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, haurrek ikasgelan edo etxean egindako marrazkiekin parte hartu ahal izango dute, betiere hiri bizikletaren edo antzekoen erabilerarekin laburbiltzen badute. Sariak eta opariak egongo dira parte hartzaileentzat.
- Bizikletak konpontzen ikasteko tailerra (Biziz bizi): Herritar guztiei zuzenduta, tailerrak bi zati izango ditu: lehenik, bizikletan ibiltzera irten aurretik egin beharrekoa azalduko dute; eta, ondoren, bertaratutakoek zulaketa bat konpontzen ikasiko dute.
- Oztopoen ginkana: 6 eta 8 urte bitarteko ikasleei zuzenduta, ginakana bat egongo da, bizikletak erabiltzeko eta bide-segurtasuna ezagutzeko hainbat oztoporekin.
- Party-bike: Ikasle eta gazteei zuzenduta, bertaratzen diren pertsonak 7 eserlekuko bizikleta batean ibili ahal izango dira (parte-hartzaileak 1,40 m baino gehiago neurtu beharko ditu).
- Amorebietatik ibilbidea bizikletaz (Biziz bizi): Nerabeei, helduei eta lagunduta dauden adingabeei zuzenduta, jarduera honen helburua da bertaratutakoek Amorebieta-Etxanoko bidegorriak eta konexioak ezagutzea. Bizikleta eta kaskoa eraman behar dira.
- Gaikako erakusketak: Jende guztiarentzat zabalik, hiri edo udalerri handietako zama-garraioaren beharrak asetzen dituzten bizikleten erakusketa bat egingo da.
Bizikleta garraiobide gisa
Amorebieta-Etxano iraunkorrago baten aldeko helburuari dagokionez, Udalak mugikortasun iraunkorraren eta bizikletaren erabileraren aldeko apustu garbia egin zuen iaz, `Amorebieta-Etxano Bizikletaz 2022′ proiektuaren obrak abian jarrita. Horri esker, Amorebieta-Etxano, gaur egun, hobeto egokitzen da bizikleta bidezko mugikortasunera, bizikleta bideen presentzia handiagoa baitu eta bide segurtasun hobea. Gainera, zornotzarrek bizikleta erabili eta ohiko garraiobide bihurtzeko aukera dute, lanera, eskolara, institutura, kiroldegira… joateko. Era berean, proiektu honi esker, Amorebieta-Etxano hiri-ingurune osasungarriagoa eta kutsadura gutxiago duena da.