Udalak zein Berdinduk dei egin die herritarrei sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldiekin bat egiteko, leiho eta balkoietatik kolore askotako banderak zintzilikatuz eta gaur aniztasunaren aldeko eguna dela ikusaraziz.
Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du gaur, LGTBIQ+ kolektiboaren Sexu Askapenaren eta Harrotasunaren Nazioarteko Egunean, Berdinduren komunikatuarekin. Helburua da, kolektiboaren eskubideak eta bizikidetza aniztasunetik aldarrikatzea, eta hauen eskubideak eta askatasunak onartzeko lortutako aurrerapenak ospatzea.
Hala, Udalak zein Eusko Jaurlaritzaren LGTBIQ+ kolektiboarentzako Informazio eta Laguntza Zerbitzua den Berdindu zerbitzu publikoak, eskerrak eman nahi izan dizkiete sexu-askapenaren borrokaren alde ahaleginak batu dituzten pertsona guztiei; eta baita ere, gaur egun gizartea sentsibilizatzeko, kontzientziatzeko eta eraldatzeko lana antolatzen eta gauzatzen jarraitzen dutenei.
Era berean, eta zoritxarrez, eraso homofoboak errealitate direla salatu dute: “Iaz, Ekaini, Basauriko gay mutil bati, egindako eraso bortitza salatu genuen, bai eta Samuelen heriotza ere. Samuel kolpeka hil zuten A Coruñako itsas pasealekuan, bere sexu-orientazioagatik. Duela egun batzuk berriz, jakin genuen Yeissonek eta Brayanek, bikote gay migratzailea, herriko gazte batzuen eraso homofobo eta xenofoboa jasan zutela Villabonara iritsi eta ia hilabetera. Edo Gallartako jaietan gazte bati egindako eraso homofoboa”.
Hori horrela, albiste onak ere izan direla gogorarazi dute: “aurten, trans pertsonen berdintasun erreal eta eraginkorrerako eta LGTBIQ+ pertsonen eskubideak bermatzeko legea onartu dela opatzen dugu; lege horrek eskubide gehiago bermatzen dizkie LGTBIQ+ pertsonei, batez ere trans kolektiboari, eta erregistro-aldaketak egitea ahalbidetzen du, kolektibo horren indarkeria instituzionala sustatzen duten txostenen beharrik gabe. Gainera, administrazio-zehapenak ezartzen dizkie bihurketa-terapiak sustatzen dituzten erakundeei eta intersexei mutilazio genitalak egiten dizkieten profesionalei”.
Testuinguru horretan, Amorebieta-Etxanoko Udalak zein Berdinduk aurtengo ekainaren 28ak garrantzi handiagoa daukala gaineratu dute: “gizartea animatu nahi dugu, gorroto-diskurtsoetan eta giza eskubideen urraketa egoera horien aurrean, esku hartu eta ozen sala ditzaten”.
Amaitzeko, azaldu dute kontziente direla sexu eta genero aniztasunaren onarpen soziala gero eta handiagoak direla: “eta hori, neurri handi batean da, euskal gizarte osoak komunitate bidezkoagoa eta berdintasunekoagoa eraikitzeko egin duen lanari esker. Horregatik, sentsibilizazio eta aldarrikapen ekitaldiekin bat egiteko eskatzen diegu pertsona guztiei, leiho eta balkoietatik kolore askotako banderak zintzilikatuz, gaur aniztasunaren aldeko eguna dela ikusaraziz”.
Zinegoak, formakuntzarekin jarraitzeko
Era berean, Amorebieta-Etxanoko Udalak gogorarazi du lana egunerokoa izan behar dela, eta horrela lanean jarraitu behar dela borrokan laguntzeko eta sentsibilizazioan eta bizitza librea lortzeko: “aurten, lan honen parte gisa, Zinegoak elkartea izan dugu. Helburu nagusia Amorebieta Etxanoko gazteak trebatzen jarraitzea izan da, historikoki ezkutatuta eta jazarrita egon diren orientazioko eta aniztasuneko beste errealitate batzuk ikusaraziz”.