Amorebieta-Etxanoko Udalak astelehenean, martxoak 6, irekiko du 2023ko Gizarte Larrialdietarako Laguntzak eskatzeko epea

Urtero ematen diren laguntza hauek gastu espezifiko, arrunt edo apartekoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonei daude zuzenduta.

Eskaera egin ahal izateko ezinbesteko baldintza da Amorebieta-Etxanon erroldatuta egotea  eta eskaeran zehazten den etxebizitza izatea bizilekua.

Amorebieta-Etxanoko Udalak datorren astelehenean, martxoaren 6an, irekiko du 2023ko Gizarte Larrialdietarako Laguntzetarako (GLL) behar diren agiriak eskatu eta aurkezteko epea. Laguntza horiek baliabide nahikorik ez duten zornotzarrentzat izango dira, eta urtero emango dira, gastu espezifiko, arrunt eta ezohikoei aurre egiteko. Hala nola:

  • Ohiko etxebizitzari lotutako beharrezko gastuak, hau da, alokairua, kredituen interesak eta amortizazioa, energia, ura, hondakinak, saneamendua, OHZ, komunitatea, segurtasuna, etxebizitzaren oinarrizko ekipamendua, oinarrizko instalazioen egokitzapena edo konponketa…
  • Bizikidetza-unitateko kide baten edo gehiagoren oinarrizko premiei dagozkien gastuak, hala nola, sistema publikoek estaltzen ez duten elikadura, arropa, hezkuntza, prestakuntza edo osasun-arreta.
  • Aurrez aipatutako gastu-kontzepturen batek eragindako aurretiazko zorpetzea.

Eskaerak egiteko epea eta prozedura
Gizarte Larrialdietarako Laguntzak 2023ko martxoaren 6tik azaroaren 17ra bitartean eskatu ahal izango dira. Aurrez aurre, Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren bidez egin ahal izango da eskaera. Eskatzaileak eskabidearekin batera aurkeztu beharko du eskatutako dokumentazioa. GLLak eskatu ahal izango dituzte Amorebieta-Etxanon erroldatuta dauden eta laguntza eskatzen den helbidean benetan bizi diren pertsona guztiek; gainera, aurreko urteetako GLLak justifikatuta izan beharko dituzte. Halaber, eskatzaileek adinez nagusiak izan beharko dute, ez dute baliabide ekonomiko nahikorik izan beharko, eta bizikidetza-unitate bat osatu beharko dute gutxienez eskabidea aurkeztu baino urtebete lehenago.

Amorebieta-Etxanoko Udalak eskaera guztiak idatziz ebatzi eta jakinaraziko dizkio interesdunari, gehienez ere bi hilabeteko epean. Ebazpenik ez badago, eskabidea ezetsitzat joko da.